Giro ezin hobean burutu zen lehendabiziko esperientzia gastronomikoa Eibarko Armagintza Museoan

2014/06/06
Giro ezin hobean burutu zen lehendabiziko esperientzia gastronomikoa Eibarko Armagintza Museoan
Guztira, 23 lagunek parte hartu zuten atzo antolatutako ekimenean. Oscar Treviño sukaldari eibartarra arduratu zen esperientziaz, Izaskun Gaston museoko gidariaren laguntzaz.

Ekaina osoan zehar esperientzia gastronomiko ezberdinak izango dira Debabarrenean, Debegesa garapen agentziak Debabarreneko Klub Gastronomikoarekin batera sustatuta. Lehendabiziko ekimena atzo, ekainak 5, burutu zen Eibarko Armagintza Museoan, ‘Betiko produktuak teknologia berriak aplikatuz’ izenburupean.

Esperientzia berria eta originala izan zen, benetan arrakasta handikoa. Bertako gastronomia tradizionala eta sukaldaritzako teknika aurreratuenak uztartu zituen ekimena izan zen. Partaideek iraganera egin zuten bidaia, Eibarko eta Debabarreneko historia industrialean barrena.

Horretarako, arratsaldeko 19:30etan hasita, museoko harrera gelan bildu ziren bertara hurbildutako pertsonak. Guztira, 23 lagun izan ziren. Hasteko, esperientziaren aurkezpen labur bat egin zuten ekimenaren antolatzaileek. Beranduago Oscar Treviño sukaldari eibartarrak eta museoko gidari den Izaskun Gastonek hartu zuten hitza.

Gastronomiarekin lotutako lehenengo parada “dibertsifikazio gunean” izan zen, bertako produktuak dastatzeko “burbuil edo ponpa” originalekin lagunduta.

Beranduago, “motor gunean” parada egiteko aukera izan zuten. Bertan ere, eskualdeko produktuak eskaini zituzten. Besteak beste, limoizko chupa chups-a baserriko tomate urarekin, Sosola baserriko gazta kremarekin eta Flysch txakolinarekin nahastuta.

Ondoren, “XXI. mendeko gunea” ezagutu ahal izan zuten parte hartzaileek. Hemen ere, betiko produktuak dastatu zituzten “izotz lehorra” metodoarekin: Gisasolako ilar freskoekin egindako entsalada eta Itziarko letxuga freskoa.

Amaitzeko, museo kanpoko terrazan, Flysch txakolina, izokin, alkatxofa eta roquefort gaztarekin egindako pintxo ezberdinak dastatzeko aukera izan zen, ardo zaporeen kontrastea ezagutzeko.

Beste bi esperientzia

Ekainaren 19an bigarren esperientzia burutuko da Mendaron, ‘Txokolatea deskubrituz’ izenburupean. Hirugarrena eta azkena, Elgoibarko Belaustegi jatetxean izango da ekainaren 20an, ‘Tex mex’ saio batekin.

Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943-820110-MºLuisarengatik galdetu).