Geoparkeko bisita gidatuak hasi dira

2014/04/11
Geoparkeko bisita gidatuak hasi dira
“Karsteko zaporeak” izeneko proposamen berria, aurtengo nobedade nagusia irteeretan. Bestalde, Geoparkeak, aurtengo udaran, eta lehenengo aldiz, Geoparkeen Europako sareko ebaluatzaileen bisita jasoko du.

Euskal Kostaldeko Geoparkea, Gipuzkoako lurraldean daukagun proposamen berezi eta erakargarrienetako bat dugu egun.

Geoparkeko bisita gidatuen 2014ko programa “Flysch & Karst Experience” lelopean aurkeztu dute, eta denboraldi berria abendura arte luzatuko da. Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak jaso ditu aurten ere, gure ondare geologikoa eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin.

Aurtengo berrikuntzarik nabarmenena bisita gidatu kopuruaren gorakada nabarmena izan da. Izan ere, iazko denboraldian 213 irteera programatu ziren, eta aurten berriz, 269 bisita eskainiko dira.

Uda garaian (ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean) eskaintza nabarmen handituko da, eta ordutegi gehiago eskainiko dituzte, bisitarien eskariari erantzun egokia emateko asmoz.

Bestalde, aurtengo beste proposamen garrantzitsuenetako bat, turisten joan-etorria kostaldetik barnealdera eramateko ahaleginean, “Karstaren zaporeak” izeneko ekimena da. Bisitariak, oinez bisitatuko du uraren higadurak sortu duen Olatzeko bailara ezkutua, kareharrizko piramide handien artean, uraren ibilbide harrigarria jarraituz, eta paisaia karstiko bereziaren elementu nagusiak ikusiz. Gainera, txangoan zehar, Goienetxe euskal baserri tipikoa ezagutzeko aukera ere egongo da. Bertan, artalde bat ikusi, gaztagintzan parte hartu, eta gazta eta txakolina dastatzeko aukera izango du bisitariak.

‘Flyscharen Ibilbidea’ eta ‘Artzain Txikiak’ izeneko irteerak mantentzen dira aurten ere.

Bisita gidatuei buruzko informazio osoa eta egutegia webgunean kontsulta daiteke, eta Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo bulegoetan ere bai.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen errebisioa udarako

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010. urteaz geroztik da Geoparkeen Europako zein Munduko Sareko kide, eta aurtengo udaran –lau urterik behin- lehenengo aldiz, Geoparkeen Europako Sareko ebaluatzaileen bisita jasoko du.