Geoparkea helmuga jasangarri modura promozionatuko da FITURen

2017/01/16
Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokak hilaren 18an irekiko ditu ateak eta beste urte betez Geoparkea bertan izango da fluxu turistikoa berau osatzen duten herrietara, Deba eta Mutriku barne, erakartzeko.

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak presentzia bikoitza izango du aurten Fitur turismo azokan, hilaren 18an hasiko dena. Batetik, Euskadiko standean izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan. Bertan Europan egun dauden 69 geoparkeak helmuga turistiko jasangarri gisa promozionatuko dira.

Bestetik, Geoparkeak bere stand propioa izango du Fiturren, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen babespean, helmuga turistiko berritzaile eta jasangarri gisa.

Geoparkeko ordezkaritza osatuko duten kideen artean, besteak beste, Debako eta Mutrikuko alkatea izango dira, Debabarrenako kostaldea osatzen duten bi udalerriak.

Bisitarien igoera nabarmena Geoparkean

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak bisitari kopuruaren igoera nabarmenarekin amaitu du 2016 urtea. Guztira, 14.076 lagunek parte hartu zuten iaz Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan, aurreko urtearekin alderatuz %44 gehiago.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea. Aparteko ondare geologiko, natural eta kulturala du eta turismo jasangarri eta geoturismo eskaintza berritzaile eta onenetarikoa eskaintzen du Euskadin. Egunotan Geoparkeak astebururo ditu esperientzia turistikoak, bertako herritar zein bisitariei Lurraren historia zirraragarria, paisaiaren edertasuna eta hiru herrietako kultura hurbiltzea helburu dutenak. Aldi berean, Geoparkea badabil 2017 urte osoko egutegia eta programa prestatzen.