Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europako Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzarra hartuko du martxoaren 16tik 19ra

2016/03/15
Lau egunez, Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako geokontserbazio eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da.

Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean bilduko dira martxoaren 16tik 19ra, Geoparkeen Europako Sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzeko. Bilera hau bereziki garrantzitsua izango da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra izango baita UNESCOren izendapen berria jaso ondotik. Hain justu, pasa den azaroaren 17an hartu zuen Unescok erabakia, Parisen egin zuen bileran. Egunotan Geoparkean egingo den batzarraren helburua da Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea. 

Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi jatetxean egingo da, Deban.

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartuko ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbilduko dira gurera. Lau egunez Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan.