Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskadiko turismo atarian bisita gehien jaso duten esperientzien buruan

2012/11/13
Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskadiko turismo atarian bisita gehien jaso duten esperientzien buruan
“Flyscharen Ibilbidea” eta “Flyscha haurrentzat” esperientziak dira 2012ko uztaila eta iraila bitartean Euskadiko turismo atariak Interneten –www.turismo.euskadi.net- bisita eta orrialde bistaratu gehien izan dituztenak.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak egindako azken txostenaren arabera, “Flyscharen Ibilbidea” izan da Euskadiko turismo ataria www.turismo.euskadi.net- bisitatu duten erabiltzaileen artean interes handien piztu duen esperientzia, 2012ko uztaila eta iraila bitartean. Bestalde, “Flyscha haurrentzat” bigarren esperientzia bisitatuena izan da.

Halaber, bisita gehien jaso dituzten esperientzien artean, ez soilik udako hiruhilekoan, baizik eta informazio estadistikoak jasotzen direnetik (2011ko uztailetik 2012ko irailera bitartean), rankingaren buruan dago “Flyscharen Ibilbidea”. “Flyscha haurrentzat” esperientzia, aldiz, bederatzigarren postuan dago urteko ranking honetan, izan ere, esperientzia berria da eta denbora gutxiago darama Interneteko atarian. Hala eta guztiz ere, esperientzia honek bisita kopuru handia jaso du argitaratuta daraman denboran, udako hiruhilekoari dagokion rankingean (uztaila-iraila) bigarren posizioan kokatu delarik.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen ditu bisitarien artean harrera bikaina lortu duten bi esperientzia hauek, eskaintza zabalago baten barruan, Deba, Mutriku eta Zumaiak osatzen duten lurraldeak duen ondare geologiko, natural eta kulturala ezagutzera eman asmoz.

Flyscharen Ibilbidea” 2008an hasi zen lehen pausoak ematen, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrien eta Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren ekimenez. Ibilbide honek itsasertz honetan dauden elementu berezienak ezagutzera ematen ditu, besteak beste, Mutrikuko flysch beltzak, Debako itsaslabar izugarriak eta Zumaiako geruza bikainak. 

Bestalde, “Flyscha haurrentzat” esperientzia aurtengo denboraldian abian jarritako berrikuntzetako bat da. Bertan etxeko txikienek flyscharen mundu zirraragarriaz gozatzeko eta ikasteko aukera dute. Esperientzia Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan hasten da eta fosilen mundua ezagutu ostean, itsasontzia hartu eta Saturraran inguruko flysch beltza erakusten zaie.

Datozen asteetan Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldiko azken bisita gidatuak eskainiko ditu. 2013ko martxoan berriro ekingo dio askotariko esperientzia eta bisitak eskaintzeari, lur eremu honen aberastasun geologiko eta kulturala ezagutzera emanez.