Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak hartuko ditu asteazkenetik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Debak eta Mutrikuk osatzen dutena, besteak beste

2017/11/22
Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak hartuko ditu asteazkenetik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Debak eta Mutrikuk osatzen dutena, besteak beste
Jardunaldien baitan bost hitzaldi, profesionalen arteko bi lan-mahai eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusien kudeaketa ezagutzeko irteera egingo dira.

Asteazkenean hasi, hilaren 22an, eta ostiralera bitarte, azaroak 24, Euskadiko Geodibertsitateari buruzko III. Jardunaldiak egingo dira Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Geoparkeak elkarlanean antolatuta, EHUren eta Euskal Geologoen Elkargoaren laguntza zientifikoarekin.

EAEko Geologia Interesguneen inbentarioan (GIG) jasota dagoen ondare geologikoaren kudeaketarako eta kontserbaziorako EAEko 2020 Geodibertsitate-estrategia sustatzen interesa duten edo parte hartu nahi duten eragile publiko eta pribatuen arteko topaketa izan nahi du ekimenak. [http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-geo/eu/]

Jardunaldien helburu nagusia da erakustea nola aniztasun geologikoa, edo geodibertsitatea, osagarri edo elementu bereizgarri ere izan daitekeen hezkuntza- eta turismo-aukera berriak irekitze aldera, eta gure lurraldea erakargarriagoa egin. Era berean, gure ondare naturalaren kudeaketak ondare geologikoa ere lan-arlo gisa barne hartzea bilatzen dute jardunaldiek.

Jardunaldien irekiera asteazkenean egingo da, hilak 22, 9:30ean, Zumaiako Aita Mari Zineman. Zumaiak, Debak eta Mutrikuk osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea, Kantauriar isurialdeko geoparke bakarra. 2015ean UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen. Inaugurazio-mahaian izango dira Oier Korta alkatea, Geoparkearen Kudeaketarako Geogarapen Elkarteko presidente eta Debako alkate Pedro Bengoetxea, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, Aitor Zulueta.

Jarraian hitzaldiak egingo dira, goizeko 10:00etan hasi eta 15:00ak bitarte. Hitza hartzen lehena izango da Luis Carcavilla, IGMEko Ondare Geologikoa Ataleko ikertzailea, geokontserbazioaren arloan mundu mailako sona duena. Carcavillak ondare geologikoaren eta geoturismoaren gaiari helduko dio. Asier Hilario geologian doktore eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak ere parte hartuko du jardunaldietan “EAEko GIGen inbentarioa. Galdu ezin ditugun puzzle-zatiak” hitzaldiarekin.

Ondoren, kafe tartearen ostean, EAEko GIGen mugen definizioari buruzko hitzaldia eskainiko du Arantza Bodego geologoak eta EHUko irakasleak. Haren atzetik hartuko du hitza Javier Moreno Eusko Jaurlaritzako abokatuak, GIGen marko arauemailea eta lurralde-plangintza azaltzeko. Jardunaldia ixteko Gorka Arana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen teknikariak “EAEko Geodibertsitate-estrategiaren lerro nagusiak” hitzaldia eskainiko du.

Osteguneko saioan geoturismoan, hezkuntzan eta EAEko geodibertsitatearen dibulgazioan lan egiten duten profesionalen eta eragile publiko eta pribatuen arteko bi lan-mahai egingo dira, Zumaiako Alondegia Kultur Etxean. Lehendabizikoan, geoturismoaren gaia landuko dute, oinarriak eraiki, lehentasunak identifikatu eta EAEn geoturismoa bultzatzea helburu hartuta. Bigarren lan-mahaian geodibertsitatearen dibulgazioa eta hezkuntza-eremua izango dituzte lanerako gai.

Azkenik, ostiralean, hilaren 24an, jardunaldietako parte-hartzaileek Euskal Kostaldeko Geoparkean ibilaldia egiteko aukera izango dute. Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko irteera gidatua izango da, Deban, Mutrikun eta Zumaian. Geoparkearen kudeaketa eta erabilera didaktikoa eta turistikoa ere azalduko dira.

Geoparkea, Euskadin geoturismoaren erreferentzia

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea; ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, heziketan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.

2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen mailako natura turismo-jomuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeko 13 kilometroko itsaslabarretan, geruzaz geruza, Zumaiatik Mutrikuraino, Debatik pasatuz, geologoek Lurraren historiaren 60 milioi urtetik gora irakur dezakete, elkarren segidan. Dinosauruen desagertze handia edota berotze klimatiko handia dira haitz hauetan idatzirik dagoen historiak eskaintzen diguna.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondare geologikoa 54 Geologia Interesgunek osatzen dute (GIG).