Europako Geoparkeen IV. Astea burutuko da Geoparkean

2014/05/27
Europako Geoparkeen IV. Astea burutuko da Geoparkean
Maiatzaren 29tik ekainaren 8ra bitartean burutuko da Zumaian, Deban eta Mutrikun, Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan.

Maiatzaren 29tik ekainaren 8ra Europako Geoparkeen IV. Astea burutuko da Geoparkean. Bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei eta, bereziki, Geoparkeko biztanleei gerturatzea du helburu, dibulgazio eta sentsibilizazio lana egiteaz batera. 

Geoparkeen Astea ostegunean abiatuko da, hilak 29, Zumaian, Luis Alcala paleontologoak eta Dinopolis Fundazioko zuzendari gerenteak eskainiko duen hitzaldiarekin. “Gure Parke Jurasiko partikularreko dinosauroak” izenburupean, hitzaldia Algorri Interpretazio Zentroan izango da, 19:00etan. Aurretik, Geoparkeak antolatu duen haurrentzako marrazketa lehiaketako sariaren banaketa ekitaldia egingo da. 

Bestalde, aipatzekoa da ere bai Xabier Peñalver arkeologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, ekainaren 5ean Deban eskainiko duen hitzaldia (osteguna, 19:00etan, ostolaza Kultur Elkartean), “Geoparkeko arbaso zaharrenen argazkia (Ekain, Praileaitz…)” izenburupean.  

Aurtengo berrikuntza nagusia GeoAzoka edo Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka izango da. Baserritarren lana ikustarazteko eta baliosteko helburuarekin, GeoAzoka ekainaren 7an egingo dute, larunbatean, Deban, 9:00etatik 14:00etara. 

Bisita gidatuak

Geoparkeak bisita gidatuak dohainik egiteko aukera eskainiko die herritarrrei aurten ere. Geoparkearen eskaintza osatzen duten 8 irteeretatik 3 egin ahal izango dira doan, zientzia, natura eta kultura batuz, hala nola, “Flysch beltza”, “Artzain txikiak” eta “Karsteko zaporeak”. Interesa duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Mutriku, Deba edota Zumaiako turismo bulegoekin harremanetan jarriz. Irteera gidatuak hurrengoak izango dira:

  • “Flysch beltza”. Maiatzak 31, larunbata, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan.

  • “Artzain Txikiak”. Ekainak 1, igandea, 10:30ean, Lasturko plazan (Deba). 

  • “Karsteko zaporeak”. Ekainak 8, igandea, 10:00etan, Olatzeko ermitan (Mutriku).

Geoparkearen gunea

Gainera, Geoparkeak gune berri bat inauguratu du. Geoparkearen Gunea herritarrendako zabalik dago Debako turismo bulegoan (Ifar kalea, 4) eta erakusketa eta interpretaziorako espazio bat da. Ordutegia: astelehentik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.