Erromeria igandean Irukurutzetan

2014/09/09
Erromeria igandean Irukurutzetan
Arribiribilletako zutarria tente jartzeko lanak amaituta, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako herritarrei zein bisitariei lan horien berri eman asmoz, igande honetan, irailak 14, erromeria egingo da Irukurutzetan, goizeko 11:30etik aurrera.

Udazkena Dolmenen Ibilbidean” izenburupean, iraila eta urria bitartean hainbat ekimen antolatu dira Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotzen dituen ibilbidea eta bertako ondare natural eta kultural baliotsua ezagutzera emateko helburuarekin.

Arribiribilletako zutarria tente jartzearekin batera eman zitzaion hasiera egitarauari pasa den astean, eta datorren igandean, irailak 14, izango du hurrengo hitzordua, Irukurutzetan egingo den Erromeria egunarekin.

Goizeko 11:30ean emango zaio hasiera erromeriari. Jatorrizko posizioa berreskuratzeko zutik jarri berri den Arribiribilletako zutarriaren bueltan elkartu eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek monolitoan egindako ikerketek zer emaitza eman duten azaldu eta, oro har, Dolmenen Ibilbidearen balioaren berri emango dute.

Soraluzeko Urrats Dantza taldeko kideek dantza erakustaldia egingo dute, txistulariek lagunduta. Ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera egongo da. Bertaratzen diren guztiei salda eta txorizoa eskainiko zaie, Atseden Txabola elkarteko lagunei esker.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ekintzak ere izango dira. “Arbasoen deia” deritzon tailerrak gure arbasoen bizimodua nolakoa zen ulertzen lagunduko die, sua edota ehiza nola egiten zuten, esaterako.

 

Elgoibar eta Soraluzeko mendi taldeen hitzorduak Irukurutzetara igotzeko

Iganderako, Elgoibar eta Soraluzeko mendi taldeek Irukurutzetara igotzeko hitzorduak jarri dituzte herritar oro zein bisitarientzat.

Elgoibarren, Morkaiko Mendi Taldeak bi hitzordu egin ditu. Bata, haurrak dituzten familiei zuzenduta, goizeko 09:00etan, Mintxetako kirolgunean. Autoak partekatuz Azkarateraino igotzea da asmoa eta bertatik oinez jarraitu Irukurutzetaraino. Bigarren hitzordua, ibilbide osoa oinez egiteko, goizeko 09:00etan izango da Kalegoen plazan (udaletxeko plazan).

Soraluzeko Mendi Taldeak, aldiz, goizeko 09:00etan egin du hitzordua Plaza Berrian.

 

Bisita gidatuak dohainik irailean eta urrian

Herritarren artean Dolmenen ibilbidea ezagutzera emateko doako bisita gidatuak antolatu dira datozen asteetarako. Guztira lau irteera egingo dira, igandez, horietako hiru euskaraz (irailak 21 eta 28, eta urriak 12) eta beste bat gazteleraz (urriak 5).

Irteerak 3 ordu t’erdiko iraupena du eta publiko zabalari zuzenduta dago, ibilbide laua eta atsegina baita, Karakate-Irukurutzeta mendilerroan barrena. Gida baten azalpenek lagunduta, geure arbasoen ezagutzan sakondu ahal izango dute bisitariek, hala nola, euren bizimodua, sinesmenak, artzaintzaren hastapenak eta bilakaera, bidean aurkitzen diren arrastoen interpretazio eta datuak, indusketa lanen emaitzak… Bisitak, gainera, hamaiketakoa barne hartzen du. Hala, partaideek bertako sagardoa, gazta eta ogia dastatzeko aukera izango dute.

Bisitak doan izan arren aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da. Parte hartu nahi duten herritarrek bi telefono hauetako batera deitu behar dute izena emateko:  695 783 656 (Debanatura) / 943 77 91 28 (Bergarako turismo bulegoa). 

Ekimen hauek guztiak elkarlanean antolatu dituzte Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek, Debemen landa garapenerako elkarteak eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.