Debako Udalak eta Yako Surf Eskolak Surfing Deba jaialdia antolatu dute abuztuaren 7tik 10era

2014/07/23
Debako Udalak eta Yako Surf Eskolak Surfing Deba jaialdia antolatu dute abuztuaren 7tik 10era
Surf, stand-up paddle, skate eta slackline ikastaroak, zinea, kontzertuak eta askoz ekintza gehiago bilduko ditu Debako Udalak eta Yako Surf Eskolak elkarlanean antolatutako lau eguneko jaialdiak.

Iazko Yako Jaiari jarraipena emanez, Surfing Deba jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu dute aurten Debako Udalak eta Yako Surf Eskolak elkarlanean. Abuztuaren 7an hasi eta 10era bitartean, kirol ezberdinetako ikastaroak doan egiteko aukera izango da eta gauean zuzeneko kontzertuek girotuko dute jaialdia.

Ostegunean, abuztuaren 7an, olatu handiak ardatz izango dituen Zine Surf egunak emango dio hasiera jaialdiari. Surf bideoen proiekzioak egingo dira  zumardian jarritako karpan eta XXL olatuen sariak emango dira ondoren. Oier Bartolome debarra eta Axi Muniain zarauztarrak aurtengo neguko itsasaldien kronika egingo dute eta azken honek Donostiako Surfilm Festival ezagunean aurkeztutako lanak ekarriko ditu Debara.

Ostiralean, abuztuaren 8an, Slackline Eguna izango da eta Flow Balance elkarteko kideak etorriko dira slackline kirola eta honen modalitateak erakustera. Zumardian zuhaitzetik zuhaitzera slackline-ak lotuko dira eta ikastaroan, erakustaldian eta txapelketan parte hartzeko aukera izango du bertaratzen denak. Herriko musikariek girotuko dute eguna.

Larunbatean berriz, abuztuaren 9an, Yako Jaixa ospatuko da bigarren urtez jarraian. Goizean hasi eta egun osoan zehar, stand-up paddle, surf eta skate ikastaroak antolatuko dira doan adin guztietako jendearentzat. Kanoa Hawaiarra ikusteko aukera ere izango da egun honetan Debako hondartzan. 20:00etan festari jarraipena emango zaio Zumardiko karpan eta kontzertuak egingo dira goizaldera arte; tartean izango dira Mamba Beat eta Trasteando Band musika taldeak.

Surfing Deba jaialdiari behar bezalako amaiera emateko, igandean, abuztuaren 10ean, Xtrem Eguna antolatu da kirol "extremoei" tarte bat eginez. Flyboard ikuskizuna egingo da eta ondoren igeriketa probak egingo dira ibaian.

Egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.