Debabarreneko VIII. Turismo Jardunaldiak burutuko dira datorren urriaren 30ean Elgoibarren

2013/10/22
Debabarreneko VIII. Turismo Jardunaldiak burutuko dira datorren urriaren 30ean Elgoibarren
“Euskadi Basque Country. Nola ikusten gaituzte? Entzun dezagun merkatu turistikoa” dute jardunaldiek izenburu eta Kantabriako Unibertsitatetik etorritako adituek, El Pais egunkariko El Viajero bidaia-gidak, eta Tripadvisor webguneak euren ikuspuntua azalduko digute.

Debegesa Garapen Agentziak Debabarreneko VIII. Turismo Jardunaldiak antolatu ditu datorren asteazkenerako, hilak 30. Jardunaldiak Elgoibarko Musika Eskolan burutuko dira, “Euskadi Basque Country. Nola ikusten gaituzte? Entzun dezagun merkatu turistikoa”  izenburupean.

Destino edo helmuga turistikoek duten irudiaren garrantziaz arituko dira jardunaldietan parte hartuko duten adituak, eta bereziki, ikuspegia geurera ekarriz, Euskadi-Basque Country helmuga kanpotik nola ikusten den izango dute hizpide.

Jardunaldien irekieran parte hartuko dute Elgoibarko Alkate Alfredo Etxeberriak, Debegesako Presidente Joseba Palenzuelak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatu Jon Peli Uriguenek.

Jardunaldien baitan, hainbat galderaren aurrean erantzunak bilatzen ahaleginduko dira: bat al dator gure helmuga turistikoa proiektatzen dugun irudiarekin? Transmititzen dugun irudia ezagutzen dugu, kontrolpean dugu? Turistei entzuten al diegu? Merkatuaren iritzia kontuan al dugu? Nor bihur daiteke preskriptore?

Honela, lehendabiziko hitzaldiaren izenburua “Helmuga Turistiko baten irudiaren sorrera. Helmuga turistiko baten hautaketa prozesuaren azterketa. Irudiaren funtzioa helmuga turistiko baten hautaketa prozesuan” izango da, Ignacio A. Rodríguez del Bosque, Kantabriako Unibertsitateko Merkaturatze eta merkatu-ikerketa katedradunaren eskutik.

11:15ean, El Pais egunkariko El Viajero bidaia-gida ataleko arduradun Andres Fernandez Rubioren txanda izango da. Berak eskainiko duen hitzaldia “Hedabideak-komunikazioa eta Euskadi-Basque Country bezalako helmuga turistiko baterako turismo politikako tresna gisa duten funtzio erabakigarria” izango da. 

Eztabaidarako tarteari hasiera eman aurretik, 12:00etan, Leire Gonzalez Tripadvisor bidaia-webguneko kideak “Bidaiaren erabakitze-prozesua, inspiraziotik iritzietara” izango du hizpide.

Bazkalostean, 16:00etan, Juan Antonio Llantada Sacramento La Palma-ko Turismo Patronatuko Marketing Aholkulariak, irla honen kasua gerturatuko digu, “Palma, estereotipotik Natura Turismoko helmugako markara. Zer eta nola komunikatu” hitzaldiarekin.

Amaitzeko, 16.45ean, egunean zehar ateratako ondorioei errepasoa egingo zaie eta Juan Angel Balbas, Debegesako Zuzendariak; Roke Akizu, Aldundiko Turismo Zuzendariak; eta Mertxe Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendariak itxiko dituzte jardunaldiak. 

Egitaraua eta izen-ematea.