Debabarreneko V. BTT Martxa arrakastatsua

2013/10/14
Debabarreneko V. BTT Martxa arrakastatsua
402 mendi-bizikleta zale elkartu ziren atzo, igandea, Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean, eskualdeko BTT Zentroa aurkitzen den lekuan. Eguraldia lagun izan zuten eta bertaratu ziren guztiek aparteko egunaz gozatu ahal izan zuten.

Parte-hartze errekorra hautsi du aurten Debabarreneko V. BTT Martxak, Debegesa Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskualdeko BTT kluben laguntzarekin antolatutako ekimenak. Hain zuzen, 402 kirolari batu ziren atzo, igandea, Elgoibarren –Debabarreneko BTT Zentroa dago bertan- jada ohikoa bihurtzen ari den BTT Martxan parte hartzeko gogoz.

Eguraldi ona egin zuen eta giro bikaina egon zen goiz osoan. Parte-hartzaileek, batik bat Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritakoak, baita beste probintzia batzuetatik etorritakoak ere –Kantabria (2), Asturias (1), Errioxa (1) eta Madril (3)- egun zoragarria izan zuten bizikletarekin gozatzeko. Gainera, Kuttingen-etik (Suitza) etorritako bizikleta zale bat ere hurbildu zen gurera. Aipatzekoa da, halaber, eskualdeko herritarren parte-hartze handia.

Partaideen artean txirrindularitzari buruzko "PlanetMTB" aldizkari ezaguneko bi kazetari izan ziren, eta laster argitaratuko dute probari buruzko erreportaje zabala.

Goizeko 9:00etan eman zitzaion hasiera probari. Aurreko urteetan bezala, parte-hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran, bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa, zailtasun maila ertainekoa eta altukoa, Karakate mendia igaroz biak. Bi ibilbideak ongi markaturik zeuden, seinale eta baliza desberdinekin, eta indarrak berreskuratze aldera, hainbat anoa postu ipini ziren ibilbidean zehar. Gainera, Eibarko CDR bizikleta dendari esker, asistentzia teknikorako 2 puntu ere jarri ziren. Eguna aparteko gertakari aipagarririk gabe igaro zen.

Behin proba amaituta, sarien banaketa egin zen. Parte-hartzaile guztien artean 40 bat opari zozkatu ziren, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...

Antolatzaileek bizikleta zaleen parte-hartze handia eskertu nahi dute, baita boluntarioen lan ikaragarria ere. Urtez urte, 50 boluntario baino gehiago izaten dira lanean Debabarreneko BTT Martxa arrakastatsua izan dadin: Elgoibarko Atletismo Kluba, Kisale, Bikeibar, Debamatika, Ameikutz, Debemen, eta beste hainbat lagun/zale.

Ikusi argazkiak.