Debabarreneko 35 agente turistiko batu dira eskualdeko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Kluba eratzeko bileran

2012/11/08
Debabarreneko eskualdean turismo gastronomikoa bultzatu asmoz, bilera egin zen atzo Debegesan turismoarekin eta gastronomiarekin erlazionatutako zerbitzuak eskaintzen dituzten eragile publiko nahiz pribatuekin. Eskualdeko 35 agente turistiko azaldu ziren bertara.

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eta Turismoaren Euskal Agentziak, Basquetour-ek, abiatu duten Turismo Enogastronomikoa sustatzeko Planaren baitan antolatu zuen Debegesa Garapen Agentziak atzoko bilera. 

Guztira, Debabarreneko 35 agente turistiko hurbildu ziren hitzordura (jatetxe, taberna, alojamendu, ekoizle...) eta horietatik 26k dagoeneko erakutsi dute Produktuaren Klubeko kide izateko interesa. Bileran, beteak beste, Kluba zer den azaldu zitzaien, zer egin behar den bertako kide izateko edota partaide izatearen abantailak zeintzuk diren. 

Bilera hau Debabarreneko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Kluba deritzona eratzeko lehen pausoa izan da, eskualdean turismo gastronomikoa modu egituratuan bultzatzeko asmoz. 

Debegesa Garapen Agentzia arduratuko da eskualdean Klubaren koordinazio eta dinamizazioaz. Hurrengo asteetan establezimendu bakoitzera bisitaldi teknikoak egingo dira enpresa edo profesional bakoitzaren eskaintza turistiko gastronomikoa ebaluatzeko eta Klubeko kide izateko bete beharreko baldintzak betetzen dituzten ziurtatzeko.