Debabarrena Bartzelonako Turismo Azokan

2008/04/21

Debabarreneko eskaintza turistikoa Bartzelonan erakusgai izan da apirilaren 17 eta 20 bitartean. Eskualdeko turismo teknikariok aurtengo berrikuntzen berri emateko aukera izan genuen bertan.


Ia urte bete igaro da Bartzelonan azkena euria gogoz egin zuenetik. Debabarreneko turismo teknikariok eskualdeko turismo aukeren zaparradarekin batera, euri zaparrada ederrak ere eraman genituen Bartzelonarantz. Opari honekin, irribarrez hartu gintuzten katalanek.


Gure eskualdean eta orohar Euskadin turista katalanek garrantzi berezia dute eta honenbestez, hitzordu garrantzitsua izaten da honakoa. Harrera berezia egiten digute Bartzelona aldean eta Deba eta Mutriku ezagunak dituzte katalanek. Feriara hurbiltzen diren askok eta askok, iada gure artera etortzea erabakita izaten dute eta beraien bidaia ahalik eta ondoen antolatzen laguntzen diegu, Debabarreneko txoko ezkutuen berri emanez.


Aurtengoan, bi berrikuntza nagusi aurkeztu ditugu ferian, batetik Flyscharen ibilbidea (Mutriku - Deba eta Zumaia artean) eta bestetik, eskualdeko produktu gastronomikoen ibilbideak.


Munduko beste herrialdeen eta Euskadiko beste eskualde eta hiriburuan mailan jartzeko aukera ematen digu Bartzelonako feriak, zuzen-zuzenean eta aurrez -aurre gure eskualdeko turismo baliabideak aurkezteko parada, hain zuzen ere. Euskadiko Turismoaren mapan Debabarrenak duen tokia indartzeko ezinbestekoa da honelako erakustokietan parte hartzea.


Euskadira lehen aldiz hurbildu nahi duten katalanentzat berriz, gure eskualdeak Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean duen kokapen estrategikoa oso erakargarria da.