Datorren martxoaren 25ean ‘Gastroforo’ edo turismo enogastronomikoari buruzko sentsibilizazio jardunaldia egingo da Debabarrenean

2015/03/17
Datorren martxoaren 25ean ‘Gastroforo’ edo turismo enogastronomikoari buruzko sentsibilizazio jardunaldia egingo da Debabarrenean
Hizlarien artean egongo dira Juan Manuel Lavin, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbideko presidentea, eta Mª Asun Saenz de Samaniego, Ostatu Upategiko ordezkaria. Halaber, kanpotik etorritako hizlariak ere izango dira turismo gastronomikoaz, enoturismoaz eta oro har esperientzia turismoari buruzko kasu arrakastatsuen berri emateko.

‘Euskadi Gastronomika’ egitasmoaren baitan, Debabarreneko eskualdeak ‘Gastroforo’ edo turismo enogastronomikoari buruzko sentsibilizazio jardunaldia hartuko du datorren martxoaren 25ean, Debegesa Garapen Agentziako Turismo sailak eta Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziak elkarlanean antolatuta.

Helburua da turismoa eta gastronomia uztartuko duten ekimen berriak eta berritzaileak sustatzea inguruotan, beste toki batzuetako esperientziak eta kasu arrakastatsuak ezagututa, inspirazio gisa.  

Izen-ematea 

Jardunaldia Itziarko Salegi Jatetxean egingo da, Deban, eta parte hartu nahi duten sektoreko enpresa eta entitateek izen eman dezakete  turismoa@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz (Debegesa). Plaza mugatuak dira. Prezioa 20 eurokoa da, bazkaria barne, eta ‘Euskadi Gastronomika’ egitasmoko bazkideentzat dohainik izango da.

Egitaraua

Jardunaldia 9:00etan hasiko da, ongi-etorriarekin. Bertan izango dira Debako alkatea, Maider Zubikarai,  Debegesa Garapen Agentziako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Iker Ruíz de Egino, eta Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziaren Zuzendaria, Arantza Madariaga.

Jarraian, Iker Urcelay Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren Produktu Turismo Enogastronomikoaren arduradunak hartuko du hitza  Euskadin turismo enogastronomikoaren egoera aztertzeko. Bere hitzaldiaren ostean, gertuko kasu arrakastatsuak emango dira ezagutzera: Juan Manuel Lavin Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbideko presidenteak eta Mª Asun Saenz de Samaniego Ostatu Upategiko ordezkariak sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaz eta euren esperientzia arrakastatsuez arituko dira.

Geure mugetatik kanpo gertatzen denaz hitz egiteko, jardunaldian izango dira Javier Honorato, Fungiturismo proiektuaren sortzaileetako bat; Ignasi Camps, sukaldaria eta Osona Cuina-ren sortzailea ; Josep Serra, Gironako  La Vinyeta upategiaren jabea; eta, Lola Gómez, Clisol Agro enpresaren jabea. Turismo arloko aholkulari eta hezitzaile den David Morak egingo du moderatzailearen lana.

Hauek denek euren bizipenak kontatuko dituzte eta turismo enogastronomikoa lantzeko dauden modu ezberdin eta berritzaileei buruzko ikuspegia emango dute.

Bazkariaren ostean aurrera jarraituko du jardunaldiak The Wine Storming Seminars egitasmoaren sortzaile den Eduardo Serranok gidatuko duen tailerrarekin, turismo enogastronomikoko produktuak eta zerbitzuak sortzeko tailerra, hain zuzen ere.

Amaitzeko, ondorioak mahaigaineratuko dira eta 18:15ean amaiera emango zaio jardunaldiari.