Datorren maiatzaren 11an Geoloeguna burutuko da Euskal Kostaldeko Geoparkean

2013/04/18
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV-EHUk elkarrekin antolatutako irteera geologiko honek Geoparkearen historia geologikoa eta bertako altxor nagusiak ezagutzera emateko aukera eskainiko du.

Aurten, Gipuzkoan, Geoloegunaren III. edizioa Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo da datorren maiatzaren 11an, larunbata. Hain zuzen, Geoloegunak aurten bat egingo du Euskal Kostaldeko Geoparkeak maiatzaren 24tik ekainaren 2ra ospatuko duen Geoparkearen Asteko egitarauarekin.

Geoloeguna Gipuzkoako Aldundiak eta UPV-EHUk elkarrekin antolatutako ekimena da, gure lurraldeko txoko geologiko garrantzitsuenak jendeari gerturatzeko helburuarekin. Aurreko bi urteetan Arantzazun eta Aralarren egin dira irteera geologiko hauek.

Aurten, partaideek, Debatik Zumaiara oinezko ibilbidea eginez Flysch mota desberdinak ezagutuko dituzte eta Geoparkearen historia geologiko harrigarria ulertzeko aukera izango dute. Suntsipen masiboak, beroketa klimatikoak, koral arrezifeak, lurrikara handiak eta beste hainbat kontu interesgarri izango dira mintzagai ibilaldian zehar.

Irteera publiko zabalari zuzenduta dago eta plaza mugatuak dira. 7 orduko iraupena du ibilaldiak. Hitzordua goizeko 9:00etan izango da Deban. Arropa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da eta baita bazkaria ere. Izen-ematea doakoa da eta Euskal Herriko geologoen elkartean egin behar da 944 431 183 telefonora deituz edo paisvasco@icog.es helbidera idatziz.

Zientziaren dibulgazioa oinarri 

Geoloegunen helburu nagusia gure lurraldeko geologia eta geologoen lanbidea gizarteratzea da. Horretarako, urtero, geologoek gidatzen duten doako mendi irteera bat antolatzen da publiko zabalari zuzenduta. Irteera hauek gure lurraldeko paisaia ezberdinak "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen digute eta zuzenean zientzialarien lana ezagutzeko abagunea ere izaten da. Irteera hauekin, bestalde, gure paisaien bidez planetaren funtzionamendua ulertaraztea eta ondare geologikoa kontserbatzearen garrantziaz jabetzea bilatzen da.

Geolodiak 2005. urtean hasi ziren Teruelgo Aliaga parke geologikoan, bertako biztanleei inguruko geologia ikusgarria erakusteko asmoz. Gaur egun, 8 urte beranduago, Espainiar estatuko lurralde guztietan egun berean ospatzen da Geoloeguna. Azken urteotan milaka lagunek hartu dute parte eta urtero-urtero gero eta jende gehiago hurbiltzen da zientziaren dibulgazioan oinarri duen ekimen honetara. Egun, geologiaren dibulgaziorako egiten den ekimen handiena eta arrakastatsuena bilakatu da.

Klikatu hemen kartel iragarlea ikusteko.