Bisita gidatuen eskaintza nabarmen handituko du udan Geoparkeak

2013/06/27
Bisita gidatuen eskaintza nabarmen handituko du udan Geoparkeak
Uda sasoiari begira, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatu eta jarduera ezberdinez osaturiko egitarau zabala diseinatu du, adin eta mota guztietako publikoari zuzenduta.

Uztaila eta abuztuan, Geoparkeak 149 proposamen eskainiko ditu, aisia, natura eta kultura uztartuz. Asteburuetan ez ezik, astean zehar ere askotariko jarduerak egingo dira, ia-ia egunero.

Flyscharen Ibilbidea, itsas-ibilaldiak, kayak irteerak, zetazeoak ikusteko itsas-txangoak, Karsta zaldiz,Bidelapurren ibilbidea Arnoko mendigunean, edota surf eta paddle surf ikastaroak dira udarako antolatu diren proposamenetako batzuk. Halaber, aipatzekoak dira, Geoparkeak etxeko txikienei zuzenduta antolatzen dituen irteerak, hala nola, Flyscha haurrentzat eta Artzain Txikiak esperientzia arrakastatsua.

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da aurten Geoparkeak audio-gida zerbitzua eskaini ahal izango diela atzerritik datozen bidaiariei, bai ingelesez eta bai frantsesez, bisitarien artean arrakasta gehien duen jardueran, “Ibilaldi gidatua txalupaz” izenekoa, Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera ematen duen itsas-txangoa, alegia. Izan ere, gero eta gehiago dira Geoparkera atzerritik iristen diren bisitariak.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.