“Artzai Txikiak” esperientzia turistiko berria

2012/02/16
“Artzai Txikiak” esperientzia berriak euskal baserriaren mundura murgilduko ditu bisitariak, eta familia osoak izango du gozatzeko aukera antzinako baserriko bizimoduan lantzen ziren ofizioak gogora ekarriz. Zalantzarik gabe, etxeko txikienak izango dira jarduera honekin gehien gozatuko dutenak, beti ere helduek lagunduta.

Esperientzia Lasturren burutuko da, Deban. Han, txikienak, txapela buruan eta makila eskuan, artzai bihurtuko dira une batez. Latxa arrazako artaldea ezagutu eta benetako Idiazabal gazta nola egiten den ikasiko dute. Ondoren, artisau bilakatu eta ardien artilearekin tapiz bat egingo dute ehun-tailerrean.

Baina, egindako lanak emango du bere fruitua, noski. Lasturko errota zaharrean artoa ehotu ostean, familia osoak talo tailer batean hartuko du parte eta baita dastatu ere.

“Artzai Txikiak” esperientzia datorren otsailaren 25ean jarriko da abian. Urrira bitarte, hilero bi jarduera egingo dira. Egutegi zehatza www.debabarrenaturismo.com webgunean ikus daiteke.

Euskadira bertako tradizio eta usadioak ezagutzera datozen turistentzat ezezik, eskualdeko zein inguruetako herritarrentzat ere esperientzia bikaina da, asteburuko irteera ezberdin bat bilatzen duten familientzat.

Esan, gainera, esperientzia hau Eusko Jaurlaritzak aukeratu duela bere Marketing Turistikoaren Planaren baitan sustatu eta merkaturatzeko.

Informazio gehiago jasotzeko eta erreserbak egiteko, Debako Turismo Bulegora deitu dezakete herritarrek, 943 19 24 52 zenbakira, edota email bat bidali turismoa@deba.net helbidera. Informazio osoa www.debabarrenaturismo.com webgunean dago ikusgai.