GEOPARKEA: Webgune eta bisita programa berria!

2011/05/17
GEOPARKEA: Webgune eta bisita programa berria!
 Euskal Kostaldeko Geoparkeak webgune berria abian jarri du: www.geoparkea.com. Bertan, urte amaierara arte egin daitezkeen bisita gidatuen programa osoa aurkezten da eta webgunetik bertatik eros daitezke sarrerak.

 Euskal Kostaldeko Geoparkeak webgune berria abian jarri du: www.geoparkea.com. Bertan, urte amaierara arte egin daitezkeen bisita gidatuen programa osoa aurkezten da eta webgunetik bertatik eros daitezke sarrerak.

 Berrikuntza modura, kostaldeko Flyscharen Ibilbidean bisitak eskaintzeaz gain, Geoparkearen barnealdean ere bisitak egiteko aukera dago aurten, Karstaren Ibilbidean zehar.

 Proposamen kultural interesgarriak ere eskaintzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Abian da www.geoparkea.com web gune berria eta bertan dagoeneko ikusgai dago urteko bisita programa eta lurraldean egin eta ikus daitezkeen beste hainbat proposamenen inguruko informazioa: BTT ibilbideak, mendi-ibilbideak, surfa, itsas irteerak, paintballa, zaldi irteerak, urpekaritza…

Euskal Kostaldeko Geoparkeak gure planetaren iraganean eta ezkutatzen dituen misterioetan bidaia zoragarri bat egiteko aukera eskaintzen digu, Flyscharen eta Karstaren Ibilbideetan barrena. Naturaz eta tokiko kulturaz gozatzeko aukera paregabea da Geoparkea, baita bertako tradizio zein gastronomia ezagutzeko ere.

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010eko urriaz geroztik Europar Geoparkeen Sareko kide da eta honenbestez, Euskadiko eta Kantauriar isurialdeko Geoparke bakarra. Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten eremu honek 90 km2 ditu.

Geoparkean bisitariak planetaren historiaren 60 milioi urtetan barrena bidaiatzeko aukera ezin hobea du. Izan ere, kostaldean, ondoz ondoko haitz geruzatan, orriz orri, planetaren liburu zoragarrian barneratzeko parada dugu. Flyscharen Ibilbidean barrena, lurraren iraganaren inguruko sekretu eta enigma interesgarriak deszifratu ahal izango ditugu. Horretarako, itsasontziz, belaontziz, oinez, zaldiz, kayakez etab. egiteko hamaika aukera eskaintzen ditu Geoparkearen bisita programak.

Kostaldeaz haratago, sorpresaz beteriko eremua ere badu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Karstaren Ibilbidea ezagutu nahi duenak, proposamen interesgarriak topatuko ditu programan. Kostatik oso gertu, Arno zein Izarraitzeko kareharrizko mendiguneek beste hainbat altxor ezkutatzen dituzte. Karstaren ibilbidean murgilduz, lurralde honetako natura, enigma, sekretu eta kondairak ezagutzeko parada izango da.

Euskal Kostaldeko Geoparkea tokiko tradizioaz, kulturaz, antzinako ogibideez, ohiturez, kondairez eta mitologiaz gozatzeko toki paregabea ere bada. Kostaldean nahiz barnealdeko bailara gorde eta ezkutuetan proposamen interesgarriak topatuko ditu bisitariak.

Geoparkeak bere ondare geologikoa oinarri duten bi interpretazio zentro ere baditu, Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa eta Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geologikoa. Kultura alorrean, Zumaiako Zuloaga Museoa eta Mutrikuko Bentalekua itsas museoa ere oso gomendagarriak dira.

Datozen hilabeteetan web gunea edukiz osatuko da eta bertan jasoko dira, besteak beste, Geoparkeko hezkuntza eskaintza, lurraldearen informazio geologikoa, eduki kulturalak, etab.

BISITA GIDATUAK Flyscharen Ibilbidea, kostaldean. Karstaren Ibilbidea, barnealdean. Bisita kulturalak, Zumaia, Deba eta Mutrikun. www.geoparkea.com, web gune berrian!!

Argazkia: Gorka Zabaleta