Arruan Haundi baserriarentzat saria

2011/01/20
Arruan Haundi baserriarentzat saria
Natur produktuen sailean, produktu onenaren saria Lasturko Arruan Haundi baserriarentzat izan da.

Fiturreko 31. edizioan, Aire Libre aldizkariak eta Fitur Activo-k Turismo Aktiboko produktu onenaren sariaren XVI. edizioa antolatu dute. Natur produktuen sailean, produktu onenaren saria Lasturko Arruan Haundi baserriarentzat izan da. Kukulak enpresaren laguntzarekin, “Bioaniztasuna. Bertako animalien berreskurapena” izenburupean aurkeztutako produktuak jaso du saria, hain zuzen ere.

Natur produktu honek baserriak mantentzea sustatzen du, ingurune naturala errespetatuz, bertako arrazak zaindu eta mantentzea du helburu. Baserrira gerturatzen direnentzat kalitatezko produktuak produzitzen ditu, gainera.

Kontxi Argaia eta Karlos Villarrek pozez beterik jaso zuten saria atzo Madrilen, Euskadiko Standean. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordea, Pilar Zorrilla, Basquetourreko zuzendaria, Ana Eizagirre eta Aire Libre aldizkariko zuzendariak banatu zieten saria. Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria eta Debabarreneko delegazio bat ere bertan izan ziren. Mutrikuko alkateak, DEBEGESAko zuzendariak eta turismo teknikariak osatzen zuten eskualdeko taldea.

Zorionak!