EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAK EUROPAR SAREAN SARTZEA AITORTZEN DION ZIURTAGIRIA JASO DU GAUR

2010/12/16
EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAK EUROPAR SAREAN SARTZEA AITORTZEN DION ZIURTAGIRIA JASO DU GAUR
Guy Martini geologo frantsesak Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondare geologikoa, kulturala eta naturala nabarmendu ditu

Gaur jaso dute Deba, Mutriku eta Zumaiako Udalek, Geogarapen Elkarteko gainerako kideekin batera (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea), Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen dien ziurtagiria.

Ekitaldia Debako Udalean burutu da eta bertan izan da Guy Martini geologo frantsesa, Geoparkeen Sareko koordinazio batzordearen ordezkari. Hain zuzen, Martiniren eskutik jaso dute hiru udalerrietako alkateek aipatu ziurtagiria.

Guy Martini Haute Provence frantziar Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa da eta Sareko Aholkularitza Batzordeko eta Koordinazio Batzordeko kide nabarmena. Geoparkeen proiektuak oinarrian duen marko teorikoaren garapenean ekarpen gehien egin duen pertsona da geologo frantsesa.

Martinik bere hitzaldian ongi etorria eman die Sarearen izenean Geogarapen Elkarteko kide guztiei, hautagaitza aurkezteko orduan egindako lana goretsi du eta “Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondare geologiko, kultural eta natural bikainak” nabarmendu ditu.

Era berean, ekitaldian parte hartu dute Euskal Kostaldeko hautagaitzari babesa eskaini dioten erakundeak eta pertsonak, baita Geoparkearen lan-taldeak osatzen dituzten profesionalak ere.

Ekitaldiaren bigarren zatian, EHUko irakasle Xabier Orue-Etxebarria katedradunak eta Juan Ignacio Bacetak aurkezpen txiki bat eskaini dute “Euskal Kostaldeko ikerketa geologikoen iragana, oraina eta etorkizuna” izenburupean. Orue-Etxebarriak eta Bacetak euskal geoparkeari aparteko balioa ematen dien elementu nagusiak izan dituzte hizpide, barnealdekoak zein kostaldekoak.

Aurkezpen hau Geogarapen Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Euskal Kostaldearen Geoparkea

Hiru udalerri hauek aurkeztutako hautagaitzak, EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAREN PROIEKTUA izenburupean, UNESCOren eta Europar Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordearen onespena jaso berri du. Honi esker, Deba, Mutriku eta Zumaia biltzen dituen lurraldeak Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sartzea lortu du.

Geogarapen-eko kide dira Elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaile izan diren Deba, Mutriku eta Zumaiako udalez gainera: Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa (Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkartea), Aranzadi-Zientzia Elkartea, Debemen (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea), Unesco Etxea eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea). Partaide izateko bidean dira, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Urola Kostako Mankomunitatea.

Proiektuaren kudeaketa eta koordinaziorako, Geogarapenek Debegesarekin sinatu du lankidetza hitzarmena, eta Zuzendaritza Zientifikoa Geosei enpresako Joan Poch geologoaren esku dago.