Euskadi Turismo Saria Flyscharen Ibilbideari

2010/11/19
Euskadi Turismo Saria Flyscharen Ibilbideari
Mutriku, Deba eta Zumaiak bultzaturiko Flyscharen Ibilbideak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Turismo Saria jaso du.

Patxi Lopez lehendakaria buru izan duen ekitaldiak 500 lagunetik gora bildu ditu. Mutriku, Deba eta Zumaiako alkateek jaso dute saria Gasteizen egin den ekitaldian eta Flyscharen Ibilbideko proiektuko lan-talde osoa bertan izan da.

Alkateek nahiz taldekideek ilusio handiz hartu dute sari garrantzitsu hau. Jesus Mari Agirrezabal Debako alkateak 3 alkateen izenean azaldu zuen moduan, “ohore bat da sari hau jasotzea, dudarik gabe lanean jarraitzeko indar handia ematen digu eta bide honetan EUSKADI turistikoki gero eta lehiakorragoa izan dadin lanean jarraituko dugu”.

Dudarik gabe, produktu turistiko honen arrakastaren giltzarria elkarlanean eta talde-lanean dago. Batetik, 3 udalen eta bertako Turismo Bulegoen arteko elkarlanean, bakoitzaren interes eta protagonismo partikularrak gaindituz, elkarrekin aurrerapauso bat emateko erabakia hartu baitzen.

Bestetik, enpresa pribatuarekin izandako lankidetza ere funtsezkoa izan da proiektu hau aurrera eramateko. Begi Bistan enpresaren lana erabakigarria izan da proiektuan, Jon Arratibel eta bere talde osoak egunero bisitariei Flyscharen Ibilbidean barrena bidaia interesgarria egiteko aukera eskaintzen baitie.

Xenda Natura enpresako Jon Llordesek ere hasiera hasieratik parte-hartu du proiektuan. Berak egin zituen, 2002. urteko udan, lehenengo irteera geoturistikoak Zumaiatik abiatuta, eta ordutik proiektuaren garapenari loturik jarraitu du. Orduko bisita turistikoan 25 pertsonek hartu zuten parte. 8 urteren ondoren, 2010ean, 5.500 bisitarik eta bakarkako turistek egin dute Flyscharen Ibilbidea. Esan beharrik ez dago, kopuru honi eskola-umeak, elkarteak eta bestelako taldeak gehituz gero, emaitza askoz handiagoa litzateke.

Era berean, azpimarratzekoa da DEBEGESAren elkarlana. Flyscharen Ibilbideari eskainitako laguntzak berebiziko garrantzia izan du. Proiektuaren garapena ahalbidetu duten baliabideen bilaketan eta koordinazio lanetan ez ezik, Debegesa Agentziak lan gogorra burutu du azken urteetan lurralde honek Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sarbidea izan zezan, duela gutxi lortu dena, alegia.

Urtez urte Flyscharen Ibilbidea indartuz eta sendotuz joan da produktu turistiko gisa. Egun, publiko ezberdinari zuzendutako eskaintza zabala dago, finean, Lurraren historia geologikoan milioika urteetan barrena ibilbide ederra bertatik bertara bizitzeko aukera paregabea eskainiz. Berritasun modura, azken urtean itsasontziz irteerak, trekkingak, kayak irteerak, geotour-ak… egiteko txartelak webgunean bertan eros daitezke: www.flysch.com.

Debabarreneko kostaldeko herriek, Mutrikuk eta Debak, Zumaiarekin batera, 2008ko udaberrian abian jarri zuten proiektu hau “Flyscharen Ibilbidea” lelopean. Proiektuaren garapenean funtsezkoa izan da Deba eta Zumaiaren arteko elkarlana, bi herrien arteko trekking-a eta itsas irteerak antolatuz. Mutrikuren kasuan, Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoaren irekiera eta zentro hau Zumaia eta Debako eskaintza geoturistikora lotzea erabakigarria izan da. Hiru herrietako eskaintza bateratuz, kalitatezko produktu turistikoa osatu dute. Proiektu hau guztiz bat dator DEBEGESAk lideratzen duen Debabarreneko Dinamizazio Turistikorako Planean zehaztutako ardatzekin. Bertan natur turismoaren aldeko apustu garbia egiten da eta zehazki eskualdeko baliabide geoturistikoak balioan jartzeko erabakia hartzen da.