Asteburu honetarako bisita gidatuak Deba eta Mutrikun

2010/08/24
Uda honetarako Debanaturak eta Aranzadik ibilbide eta bisita gidatu batzuk antolatu ditu Debabarrenako barnealdea eta kostaldea ezagutzeko natur-turismo edo ekoturismo eskaintza bat osatuz. Horrela, gida espezializatuen laguntzaz ibilbide didaktiko desberdinak egitea proposatzen dugu.

Aste honetarako ibilbide gidatu desberdinak eskaintzen dira. Lehenengo irteera, “Debatour”, hurrengo ostiralean izango da, abuztuaren 27an, 11:00etan, Debako turismo bulegotik. Bisita hau, 2:00-2:30 orduko iraupena duena, Debako inguru gertukoena ezagutzeko herri inguruko ibilbide bat da. Ibilbide eroso honetan Debako Kostaldeak gordetzen dituen sekretuak ezagutzeko aukera izango da, hala nola; marearteko zabalunea, Flysch beltzaren itsaslabarrak, fosilak, etab. Deba Ibaiaren Itsasadarreko Hezeguneak ezagutzera ere hurbilduko gara, ibilbidean zehar interes historiko garrantzitsuko puntuak ere agertzen direlarik: ontzitegiak, errenteriak, lonjak, zubiak, dorretxeak, etab. Irteeraren kostua 6 eurotakoa da eta 12 urtetik beherakoentzat, berriz, 3 eurotakoa. Irteera hau oso aproposa da familia osoarentzat.

Abuztuaren 28an, larunbatean, 10:00etan, Itxaspeko kanpineko aparkalekutik abiatuta, "Sakonetako bazterrak ezagutuz" ibilbidea egiteko aukera egongo da. Ibilbide honek, Deba-Zumaia Babestutako Biotopoaren bihotzean bertan, kostaldeko txoko ezkutuenak eta sinestezinenak pasako ditu eta Mendata eta Sakoneta bezalako kala basatiak ezagutzeko aukera eramango digu. Bertan, flysch-aren formaziorik eta marearteko zabalgunerik ikusgarrienak aurki daitezke, natura eta itsas biodibertsitatea espresio gorenean erakutsiz. Irteeraren kostua 7 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat, berriz, 4koa. Irteerarako arropa eta oinetako egokiak, ura eta badaezpada aldatzeko arropa eramatea gomendatzen da. Bainuren bat hartzeko ere aukera egongo da.

Abuztuaren 29an, igandean, 10:00etan Mutrikuko Olatz bailarako Plazatik, “Olatz-Ziñua: jentilen ibilbidea” ezagutzeko aukera egongo da. Arnoko mendigunearen bihotzean, Olatz Gipuzkoako bailara ezezagunetarikoetako bat da, Bizkaiarantz zihoazen bide zaharren azken sekretuak gordetzen dituena. Geologikoki bailara itxi (”poldje”) bakanenetakoa da. Ibilbide interesgarri honek herensuge eta jentilen kondairak, karobiak, erromatar mehategiak, historiaurreko kobazuloak, artzaien kortak, etab. Irteeraren kostua 7 eurotakoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4koa. Oinetako egokiak, ura eta galtza luzeak eramatea gomendatzen da.

Izena emateko, Debanaturara zuzen zaitezkete 695 783 656 / 943 19 11 72 zenbakietara deituz, edo Debako Turismo Buelgoan 943 19 24 52 edo Mutrikuko Turismo Bulegoan 943 60 33 78 zenbakietan informazioa eskatuz.