Bisita gidatuen proposamen berri eta erakargarria Deban eta Mutrikun

2010/07/21
Bisita gidatuen proposamen berri eta erakargarria Deban eta Mutrikun
Proposamen hauek aukera ematen digute naturaz gozatzeko eta lurraldeari lotutako enigma, sekretu eta kondairak deskubritzeko

Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoek hainbat bisita erakargarri eta berritzaile diseinatu dituzte aurtengo udarako. Proposamen hauek aukera ematen digute naturaz gozatzeko eta lurraldeari lotutako enigma, sekretu eta kondairak deskubritzeko. Debanaturak, Aranzadiren eskutik, beste begi batzuekin ikus araziko dizkigu Olatz, Arno edo Lastur bezalako inguruneak. Gure eskualdera datozen bisitariez gain, Debabarreneko bertako herritarrentzat ere aproposak dira bisita gidatuok.

Debako proposamenak dira Paleocaucearen Ibilbidea (3 ordukoa) eta Karstaren Ibilbidea (3 ordukoa). Mutrikuk, bestalde, Jentilen Ibilbidea Olatzen (3 ordukoa) eta Antzinako Ikazkinen Ibilbidea Arnon proposatzen ditu. Ibilbide guztiak espezializatutako gidari batekin egingo dira, eta inguruneko geologia eta natura bisitariei gerturatzeaz gain, Debabarreneko txoko horiek gordetzen dituzten hainbat enigma, sekretu eta kondaira deskubritzeko aukera emango die.

Lehendabiziko bisita oraingo igandean, uztailak 25, izango da, PALEOCAUCEAREN IBILBIDEAREKIN. Ibilbide honek aukera ematen digu geologia eta paisaia interes handieneko Izarraizko Karsteko inguruneak ezagutzeko, etorkizuneko Geoparkearen barruan, Arbizkoa bailaran (Lastur, Deba). Erreka bateko paisaia fosilizatua bisitatu eta iraganeko aztarnak ikusi ahal izango dira. Horretarako, bisitariak Ugarteberriko kobazuloan sartuko dira; hantxe, hainbat pasarte klimatiko isladatuta geratu dira. Edozeinek egiteko moduko ibilbidea da.

Bigarren hitzordua abuztuaren 1ean izango da, KARSTAREN IBILBIDEAREKIN, Lastur inguruan. Izarraizko mendiguneko karezko paisaia erakusten digu ibilbide horrek. Atzean, berriz, Erlo. Bailarak zeharkatuz eta alboetan karezko erliebeak ditugula, antzinako bide eta bidezidorretan barrena, elurzuloak eta ahaztutako hainbat txoko deskubrituko dira, hala nola, artzainen bordak, hondotik moztutako pagoak, eta nola ez, ingurune horretako fenómeno karstiko bitxiak.

Mutrikun, bestalde, JENTILEN IBILBIDEA dugu, batetik, Olatz-Ziñua ingurunean. Arnoko mendigunearen bihotzean, Gipuzkoako bailararik ezezagunenetakoa da Olatz eta hantxe gordetzen dira Bizkairako bide zaharren azkeneko sekretuak. Geologikoki, dauden arro itxi (poldje) gutxienetako bat da. Ibilbide interesgarri honetan gauza mordoa deskubrituko ditugu: dragoi eta jentilen gaineko kondairak, karobiak, erromatar mehatzak, historiaurreko kobazuloak, artzainen saroiak eta abar. Ibilbide hori programatuta dago abuztuaren 29rako eta irailaren 26rako.

Azkenik, Mutrikun, Arno inguruan, IKAZKINEN ANTZINAKO BIDEEN IBILBIDEA dugu abuztuaren 15erako eta irailaren 12rako programatuta dagoena. Mendigune karstiko hau ezagutzeko aukera paregabea da; Kantauri itsasoaren eta Mutrikuren gaineko talaia zoragarria. Garai baten ikazkinek erabiltzen zituzten antzinako bide eta ataka estrategiekoetan zehar, Gipuzkoako artadirik zabalena eta ondoen kontserbatutakoa ezagutzeko aukera izango dute bisitariek; artadi hori bidelapurren ezkutalekua izan zen; bestalde, bisitariek estela misteriotsuak, karobiak eta euren historia eta kondairak deskubritu ahal izango ditugu.

Interesatuek Debako (943192452) edo Mutrikuko (943603378) Turismo Bulegoetara deitu beharko dute. Programatutako bisitez gain, taldeentzat bisitak ere antola daitezke; horretarako ere Debako edo Mutrikuko Turismo bulegoetara deitu behar da. Bisita gidatuen prezioak honakoak dira: helduek, 7 euro eta umeek (12 urtetik beherakoak ) 4 euro. Bisita gidatu hauek Debanaturak egingo ditu, Aranzadiren eskutik.