Mutriku, Deba eta Zumaiaren Geoparke izateko proposamenak lehenengo fasea gainditu du

2010/05/31
Deba, Mutriku eta Zumaiaren hautagaitzak lehendabiziko fasea gainditu du Geoparkeen Europar Sarean sartzeko. Bide horretan, uztailean emango da hurrengo urratsa, izan ere, Sare horretako bi kideren bisita jasoko dugu, ebaluazioa bertatik bertara egitera etorriko dira. Irailean edo urrian jakingo dugu behin-betiko erabakia zein den.

Martxo amaieran egin zuen azkeneko batzarra Geoparkeen Europar Sareak Luberonen (Frantzia); hantxe erabaki zuten Deba, Mutriku eta Zumaiak aurkeztutako hautagaitzak ebaluazio prozesuan aurrera egiteko baldintzak betetzen dituela eta ebaluazioaren hurrengo fasera pasatuko zela, in situ egin beharreko ebaluaziora, hain zuzen ere. Aurrez ikusitakoaren arabera, Geoparkeen Europar Sareko bi ebaluatzaile etorriko dira eta hementxe egongo dira uztailaren 26tik 29ra. Ebaluatzaileon zeregina izango da bertatik bertara egiaztatzea lurralde horrek Sarean sartzeko beharrezko diren alderdiak betetzen dituela.

Oinarrian, baldintza horiek honako alderdi hauekin dute zerikusia: hautagaitzan aurkeztutako lurraldearen balio geologikoarekin, Lurraren Zientzien inguruko hezkuntza eta sentsibilizazio jarduerekin, lurraldearen iraunkortasunarekin, geoturismoarekin, geoparkearen antolakuntza egiturarekin eta herritarren parte-hartzearekin.

Uztailean etorriko diren ebaluatzaileak dira Forest WAWR (Erresuma Batua) Geoparkeko Tony Ramsey doktorea eta Bergstrasse-Odenwald (Alemania) Geoparkeko Jutta Weber doktorea.

Azkeneko erantzuna, irailean Ebaluatzaileok Geoparkeen Europar Sareak egingo duen hurrengo batzarrean aurkeztuko dute euren txostena, irail amaieran, hain zuzen ere; hantxe erabakiko dute Deba, Mutriku eta Zumaiaren hautagaitza Sarean sartzen den edo ez eta, hala badagokio, ezezkoaren arrazoiak eta aurrerago berriro saiatzeko baldintzak zehaztuko lituzkete. Dena dela, Deba, Mutriku eta Zumaiako alkateak eta proiektua koordinatzen duen taldeko teknikari zein zuzendari zientifikoa itxaropentsu daude eta aurtengo udazkenean bertan euren hautagaitza onartuko dutela espero dute.

Dena espero bezala joanez gero, Gipuzkoako hiru udalerriotako lurraldea Geoparke izendatuko dute urriaren 1etik 5era Lesvos Uhartean (Grezia) ospatuko duten Europar Geoparkeen IX. Kongresuan.

2009ko deialdian, guztira, zortzi hautagaitza aurkeztu ziren; Iberiar Penintsularen kasuan, bi izan ziren, gurea eta Sevillano Sierra Norteren hautagaitza, hain zuzen ere, eta biek gainditu dute lehendabiziko fasea.

Geogarapen, geoparkearen kudeaketarako elkartea 2009ko azaroaren 16an osatu zuten hiru Udalek Geogarapen elkartea, Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea. Gaur arte, honako hauek batu dira elkarte horretara, bazkide bezala: Aranzadi Zientzia Elkartea, UNESCO Etxea, Debegesa (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea) eta Urkome (Urola Kostako landa garapenerako elkartea). Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste erakunde batzuen babesa dauka proiektuak eta laster erakunde horiek Geogarapen elkartean sartzea espero dugu. Bestalde, aurrez ikusten dugu aurrerago elkarlanerako hitzarmenak sinatuko ditugula, hala nola, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin eta Euskadiko Geologoen Elkargoarekin.

Geoparkeen Europar Sarea Sareak eskaintzen duen definizioa jarraituz, Geoparke bat bizilagunak dituen lurraldea da, ondare garrantzitsu eta nabarmena duena. Ondare geologiko hau garrantzi zientifikoa, arrarotasuna, balio estetikoa edota hezkuntza balio berezia duten hainbat puntu interesgarritan oinarritzen da. Ondare geologikoaz gain, geoparkeek beste hainbat ondare-elementu ere izan ohi dituzte, interes arkeologiko, ekologiko, historiko edota kulturala dutenak. Lurralde hauetan kudeaketa estrategia bat aplikatu ohi da, lurraldearen balio geologikoan eta tokiko garapen iraunkorrean eta ondare geologiko, natural eta kulturalaren balioan jartzean oinarrituta. Geoparkeen helburua da lurraldearen tokiko garapena sustatzea.

Geoparke izendapena jasotzen duten lurraldeak europar eta mundu mailako elkarlanerako sare bateko partaide bilakatzen dira, honela, elkarrekin aurrera eramateko aukera izaten dute eta esperientzia baliagarriak elkartrukatzen dituzte.

Geoparkeek tokiko garapenerako eredu arrakastatsua direla erakutsi dute toki askotan. Geoparkeak ez dira geologian bakarrik oinarritzen, bere orientazio eta lana tokiko biztanlerian eta lurraldea ezagutzera datozen pertsonetan oinarritzen dute. Geoparkeak ez dira eredu babesle normatiboak, baizik eta lurraldea balorean jarriz ingurune hori sustatzea eta dinamizatzea dute helburu.

Interes eta geologia balio handiko hautagaitza Ikuspegi geologikotik, Euskal Kostaldeko erdialdeko gune honek interes eta garrantzi zientifiko nabarmena du. Lurraldea, batez ere, bere erregistro estratigrafiko eta paleontologikoagatik nabarmentzen da. Bertan, bi eremu nagusi bereiz daitezke, hegoaldea, mendi eta mendilerroen erliebea nabarmentzen den eremua eta Jurasiko eta Behe-Kretazikoko harkaitz kalizek (edo harkaitz karbonatuen) osaturiko paisaia eta iparralde edo kostaldea, Goi Kretazikoko eta Behe Paleogenoko flysch gisako haitzetan oinarrituriko paisaia leunagoko eremua.

Estratigrafiaren aldetik, Zumaiako flyschak garrantzi berezia du, adin geologiko desberdinetako limiteen erregistro oso eta bikaina baitago bertan. Gainera, Paleozeno garaiko bi barne-limiteren estratotipo ofizialak aurki daitezke puntu honetan.

Ingurune honen beste alor esanguratsua bere geomorfologia da, oro har, bi elementu nagusiren baitan definitu daitekeena. Batetik, kostaldean, ondoz-ondoko flyscha nabarmentzen da eta baita marearteko zabalgunea (edo abrasio plataforma) ere. Bestalde, barnealdean oso deigarria da Behe-Kretazikoko modelatu karstikoa. Honek hainbat forma desberdin hartzen ditu bai lurrazalean (lapiazak, poljeak…) eta baita lur azpian ere (kobak, simak, ur-sorburuak …). Lurraldean, gainera, ondare paleontologiko garrantzitsua ezkutatzen duten barrunbe kontzentrazio handia aurkitu daiteke. Bertan, Gizateriaren Ondare izendapena duen Debako Ekain kobazuloa nabarmentzen da, kuaternario garaiko artearen zaldi multzo ederrenetako bat duelarik. Lurraldeak, honez gain, interes geokulturaldun hainbat toki ere baditu, lurrarekin lotutako mito, kondaira eta elementu sakratu biltzen dituztenak.

Era berean, azpimarratzekoa da ingurune honen hezkuntzarako balioa eta potentziala; horrelaxe erakusten dute Zumaiako Algorri interpretazio zentroak eta Mutrikuko Nautilus museoak daukaten garrantziak. Inguruneko gaiek aukera asko ematen dituzte eta bere abantaila da erraza dela gai horiekin publiko orokorrarengana iristea.

Deba-Zumaia kostaldeko Biotopo Babestua hor egoteak (biotopo hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Sailak kudeatzen du), indarra ematen dio hautagaitzari eta geologia balioen kontserbazioa, balioa ematea eta zabalkundea laguntzen ditu. Era berean, Arno eta Izarraizko Erkidegoko Garrantzi Handiko Guneak gure hautagaitzaren beste puntu indartsu bat dira; gogoratu behar da, interes gune horien Ondare Naturalen Ordenazio Plana egiten diharduela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.