Debabarreneko Dinamizazio Turistikoko Plan berriaren aurkezpena

2008/06/19
Gaur Debegesan Debabarreneko Dinamizazio Turistikoko II Plana aurkeztu da. Plan berri honekin eskualdeak aro berri bati hasiera eman nahi dio, bere estrategia egungo turismoaren panoramara egokituz.

Ekitaldian Koro Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordeak eta Agustin Arostegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetako eta Turismoko zuzendari nagusiak parte hartu dute eta Irune Berasaluze, Debegesako Lehendakariak anfitrioi lanak egin ditu. Ekitaldian, Juan Angel Balbasek, Debegesako Zuzendari Nagusiak hurrengo 5 urteetan eskualdean garatuko den estrategia turistikoa aurkeztu du. Bertan izan dira eskualdeko alkateak ere.

Debabarreneko Dinamizazio Turistikoko Plana ondoko 3 helburu nagusitan egituratzen da: eskualdeko jomuga turistikoaren sorrera, sektore turistikoaren indartzea eta eskualdeko turismoaren komunikazioa eta promozioa.

Debababarrenak Euskal Turismoaren merkatuan protagonismo handiagoa ahalbideratuko dion estrategia bat aukeratu du, beste jomuga batzuekiko posizio lehiakorragoa emango diona. Definitu den estrategia 2 ardatzen garapenean oinarritzen da, Natur Turismoa eta Turismo Kulturala, eta aurrenekoak lehentasuna du bigarrenarekiko hurrengo urteetan.

Natur Turismoaren aldeko apustu garbia “Natura Bizia/ Parke Berdea” produktua garatuz aurrera eramango da. Ikuspegi berritzailea da eta turismo tipologia honekin lotutako baliabide eta enpresak artikulatzea eskatzen du, honela, lurralde banaketa eta oreka handiagoa lortuz. Gauzak honela, azken helburua eskualdeak bere dituen segmentu desberdinetan eraginez (turismo aktiboa, atsedeneko turismoa, ekoturismoa eta landa turismoa) naturaz gozatzeko jomuga gisa posizionatzea da.

Gure apustuaren bigarren ardatza Turismo Kulturala da, eta momentu honetan izaera osagarria du. Hemen baliabide arkeologikoak, erlijiosoak, historiko-artistikoak, industrialak, itsas-baliabideak eta ondare ez-materiala landuko ditugu. Zentzu honetan, gaur egun ditugun itsas eta industria baliabideekin lotutako baliabide turistikoak sustatuko dira, EAErako eta hurbileko merkatuetara zuzendutako eskaintza indartsu bat sortzeko. Lan-ildo honetan arreta bereizia eskainiko zaio Santiago Bidearen eta batez ere, Sasiola Astigarribia inguruko ondare historiko artistikoari.

Ondare arkeologikoak ere toki berezia du plan honetan, eskualdeak potentzialitate handia baitu eremu honetan. Izan ere, Deba, Mutriku eta Mendaro aldean biltzen dira Goi Paleolitikoko Gipuzkoako aztarnen erdia baino gehiago. Itsas ondarea ere landuko da, batez ere Mutrikun eta planean Euskal Itsasgizonen inguruko Museoa sortzeko proposamena jasotzen da eta baita Atalaien proiektua osatzea ere.

Industria ondarea landu beharreko beste ildoa da eta proposamen konkretu gisa “Zamakola” tailerrera bisita edota egun martxan dauden industrietara bisita-eskaintza sortzea proposatzen da.

Turismo sektorea indartzeko helburuari dagokionean, planaren bigarren helburua, 4 lan ildo jasotzen dira bertan: etengabeko prestakuntza, kalitatearen aldeko apustua, enpresa berrien sorrera bultzatzea eta sektore pribatu eta publikoaren arteko elkarlana bultzatzea.

Azkenik, promozioaren atalari dagokionean, Euskal Kostaldeko marka lantzea proposatzen da, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko Turismoko Marketin Planak jarraituz. Bestalde, komunikazio estrategia berri bat diseinatuko da Plan berriari egokitzeko.