Ekitaldiz beteta dator Gaztañerre Soraluzera

2018/11/07
Ekitaldiz beteta dator Gaztañerre Soraluzera
Gaztañerre azoka badator Soraluzera, aurten XXIII. ediziona duena. Aste osoan zehar hainbat ekitaldik girotuko dute herria: talo ikastaroa, Jon Maia bertsolariaren hitzaldia, talojana, eta noski baserritar eta artisau azoka.

XXIII. Gaztañerre azoka larunbat honetan, azaroaren 10a, ospatuko da Soraluzen, baina hainbat ekitaldik herria girotuko dute aste honetan zehar. Gaur, asteazkena, hilak 7, talo ikastaroa egingo da Lagun Maitea elkartean. Bihar, osteguna, hilak 8, Jon Maia bertsolariaren hitzaldia izango da Itxaropena elkartean: "De Extremadura al bertsolarismo. Una historia de integración". Ostiralean ludotekan eta gaztelekuan talojana egongo da gaztetxoentzat.

Larunbatean ohiko Gaztañerre azoka ospatuko da, eta baserritar, abeltzain, eta artisauen postuez gain, lihoa iruteko tailerra, sagardo lehiaketa, ahuntz-gazta eta txerri erre dastaketa egongo dira, baita gaztaina erreak ere. Soraluzeko txistulariek girotuko dute goiza, eta eguerdian baserritarrei omenaldia, bertsolariak, eta dantza taldearen ikuskizuna egingo dira. Arratsaldean babajana herrikoia, eta jarraian erromeria Iratzar taldearen eskutik, eguna bukatzeko.

Eta azkenik, astelehenean, hilak 12, Gaztañerre eguna, gaztainajana eta musika egongo dira zaharren egoitzan, eta afaria Arriogain elkartean.