Debabarreneko V. BTT Martxa urriaren 13an izango da, Elgoibarren

2013/09/19
Debabarreneko V. BTT Martxa urriaren 13an izango da, Elgoibarren
BTT zaleek proban parte hartzeko izena eman dezakete dagoeneko, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez soilik.

Aurten bosgarren edizioa beteko du Debabarreneko BTT Martxak. Urriaren 13an egingo da, igandez, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko, urriaren 12ra arte. Aurten berrikuntza modura, izen-ematea online bakarrik egin ahal izango da, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Partaideei jakinarazi nahi zaie, aurten egunean bertan ezingo dela izenik eman.

Irteera eta helmuga puntua, urtero bezala, Debabarreneko BTT Zentroan egongo da, Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean. Eta goizeko 9:00etan emango zaio hasiera probari.

Prezioari dagokionez, federatuek 12€ ordaindu behar dute eta federatuta ez daudenek 15€. Tarifa hauek urriaren 10era arte mantenduko dira. Egun horretatik aurrera, 3€ gehiago ordaindu beharko da.

Proba hau Debegesa Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak elkarrekin antolatzen dute, Debemen eta eskualdeko BTT kluben laguntzarekin. Martxa herrikoia da, ez da lehiakorra. Mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea du helburu. Gipuzkoan dagoen BTT zentro bakarra da Debabarrenekoa eta harrera puntua Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean dago.

Azken urteetan bezalaxe, bi ibilbideren artean egin ahal izango dute aukera bizikleta zaleek:  bata laburra, 25 kilometrokoa, eta bestea luzea, 45 kilometrokoa. Biak ala biak Karakate mendian zehar. Ibilbide laburraren zailtasun maila altua da eta oso altua ibilbide luzean.

Ibilbideen zein, oro har, probaren gaineko informazioa, hemen.

Proba amaitutakoan, partaide guztien artean opariak zozkatuko dira, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...