Geoparkeak Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzaileren bisita jasoko du

2014/07/02
Geoparkeak Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzaileren bisita jasoko du
Geoparkeen Europako eta Munduko Sarean sartu eta lau urte beranduago, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jasoko du gaur, hilak 2, eta bihar, hilak 3, Geoparke izendapenari eusten dion erabakitzeko.

Euskal Kostadeko Geoparkeak Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzaileren bisita jasoko du gaur, hilak 2, eta bihar, hilak 3. Bata japoniarra da eta bestea Ipar Irlandakoa. Bi egunez Geoparkeak azterketa zorrotza igaroko du, Geoparke izendapenari beste lau urtez eusten dion erabakitzeko.

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea. Ondare geologiko eta kultural azpimarragarria duten lurraldeek osatzen dute sarea, eta UNESCOren babesa du. Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.

Errebalida prozesu honen baitan, hainbat gai aztertuko dira, hala nola, Plan Estrategikoan zehaztutako helburuen betetze maila edota 2010ean egin zen lehendabiziko azterketan identifikatu zituzten hobetu beharreko puntuen egungo egoera. Halaber, kontuan hartzen da, geoparkeek Sarean duten jarrera aktiboa: bileretan parte hartzea, komunak diren proiektuetan parte hartzea, Geoparkeen Astea kasu, etabar.

Bisita eta bilera ezberdinak

Bi egun hauetarako hainbat bisita eta bilera programatu dituzte, Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri emateko. Bisita lan-bilera batekin hasiko da, Leire Barriuso Geoparkeko gerentearekin eta Asier Hilario Zuzendari Zientifikoarekin. Bileran egongo da baita ere, Debegesa Garapen Agentziako Turismo arduraduna, Cristina Iturriagagoitia. Izan ere, Debegesa izan zen Geoparkearen hautagaitza sustatu zuen erakundea eta proiektuaren hastapenean arduradun izan zena, egungo lantaldeak bere esku hartu zuen arte.

Halaber, hainbat bilera egingo dira Geoparkeko 3 alkateekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritza eta Basquetourrekin, baita beste hainbat erakunde kolaboratzailerekin ere (Unesco Etxea, EHU, Aranzadi Zientzia Elkartea, Debemen, Urkome eta Urola Kostako Mankomunitatea) eta lurraldeko sektore turistikoko agente ezberdinekin.

Gainera, ebaluatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte interesgune adierazgarrienak, azalpen geologiko eta itsas ibilaldia barne, hala nola, Mendatagaña-Sakoneta ingurunea, Algorri eta Itzurungo hondartza, Elorriagako aisialdirako gunea, Saturrarango hondartza eta Olatzeko bailara karstikoa. Era berean, bisitatuko dituzte Geoparkearen Gune berria, Algorri eta Nautilus Interpretazio Guneak, Mutrikuko hirigune historikoa eta Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika.