Debabarreneko Turismo-Eragile Publikoen Mahaiko kideen bisita teknikoa eskualdera

2016/01/14
Debabarreneko Turismo-Eragile Publikoen Mahaiko kideen bisita teknikoa eskualdera
Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen Mahaiko kideek eskualdeko baliabide turistiko nabarmenenak bisitatu dituzte, Debegesak antolatutako ekimen bati esker

Aste honetan, hilaren 12an, Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen Mahaiko kideek bisita teknikoa egin zuten eskualdera bertako baliabide turistiko nabarmenenak gertutik ezagutu eta Debabarreneko eskaintza turistikoaren ikuspegi orokor bat jasotzeko helburuarekin. Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen Mahaian 8 Udaletako ordezkariak batzen dira, Geoparkeko eta Debemen elkarteko ordezkariekin, Debegesa garapen agentziaren koordinazio eta zuzendaritzapean.

Debegesak antolatu zuen bisita eta bertan parte hartu zuten Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek, Mallabiko alkate Igor Agirrek eta Mendaroko alkate Sonia Garciak; Eibarko Udaleko Ogasun eta Garapen Ekonomikorako zinegotzi Alberto Albistegik; Elgoibarko Udaleko Kultura zinegotzi Andrea Arriolak eta Elgoibarko Kultura teknikari Blanca Salegik; Ermuko Udaleko Tokiko Garapenerako teknikari Jesus Portugalek; Mutrikuko Turismo Bulegoko arduradun Marta Amonarrizek; Geoparkeko arduradun Leire Barriusok eta Debemen elkarteko Amaia Esnaolak.

Bisita Eibarren hasi zuten, Eibarko industria-ondarea eta oroimen historikoa gorde eta zabaltzea helburu duen Armagintzaren Museoa bisitatuz. Marina Barrena zuzendariak berak gidatu zuen bisita.

Ondoren, taldeak Mendaroko Txokolateak fabrika bisitatzeko aukera izan zuen, 1850. urtetik betiko errezetak erabiliz  txokolatea egiten duen enpresa familiarra. Lantegian 200 urte martxan daramatzan harrizko errota bat dute eta bertan kakaoa lantzen da  katiluan hartzeko txokolatea egiteko.

Mendarotik kostaldera, Mutrikura abiatu eta bertan Nautilus Interpretazio Zentroa ezagutu eta Monumentu Multzo izendapena duen alde zaharrean egin zuten bisita gidatua.

Egunari amaiera emateko Arkugain elkarte gastronomikoan bertako produtuak dastatzeko aukera izan zuten. Bisitan parte hartu zuten guztiak pozik geratu ziren ikusitakoarekin eta eskualdean daukagun baliabide turistiko eskaintza zabala ezagututa. Denak bat etorri ziren esanez bisitariari asko duela eskaintzeko Debabarreneko eskualdeak.

 

visita técnica chocolates
visita técnica chocolates