Esperientzia gastronomiko ezberdinak izango dira ekainean Debabarrenean

2014/06/04
Esperientzia gastronomiko ezberdinak izango dira ekainean Debabarrenean
Lehendabiziko ekimena Eibarko Armagintza Museoan izango da ekainaren 5ean. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943-82 01 10). Debegesa garapen agentziak Debabarreneko klub gastronomikoarekin batera sustatutako esperientziak dira hauek.

Ekaina osoan zehar esperientzia gastronomiko ezberdinak izango dira Debabarrenean, eskualdeko Produktu Klubeko hainbat kiderekin elkarlanean. Esperientzia hauek publiko zabalari zuzenduta daude. Sukaldaritza gustuko izatea izango da bertan parte hartzeko “baldintza” bakarra.

Lehendabiziko ekimena ekainaren 5ean burutuko da, 19:30ean, Eibarko Armagintza Museoan. Bertako gastronomia tradizionala eta sukaldaritzako teknika aurreratuenak uztartuko dituen esperientzia gastronomikoa izango da. Ekimena museoan bertan burutuko da. Partaideek iraganera egingo dute bidaia, Eibarko eta Debabarreneko historia industrialean barrena. ‘Betiko produktuak teknologia berriak aplikatuz’ izenburupean, Oscar Treviño sukaldari eibartarra arduratuko da esperientziaz.

Hasteko, esperientziaren aurkezpen labur bat egingo da museoko sarrera gelan. Handik, “dibertsifikazio” gunera abiatuko dira hara hurbildutakoak, bertako produktuak dastatzeko “burbuil edo ponpa” originalekin lagunduta. Beranduago, “motor gunean” parada egiteko aukera izango da. Bertan ere, eskualdeko produktuak eskainiko dira. Ondoren, “XXI. mendeko gunea” ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek. Hemen ere, betiko produktuak dastatuko dituzte bisitariek “izotz lehorra” metodoarekin. Amaitzeko, museo kanpoko terrazan ardo eta pintxo ezberdinekin egindako maridajea eskainiko da. Tailerrean parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira.

Ekainaren 19an bigarren esperientzia burutuko da Mendaron ‘Txokolatea deskubrituz’ izenburupean. Hirugarrena eta azkena, Elgoibarko Belaustegi jatetxean izango da ekainaren 20an, ‘Tex mex’ saio batekin.

Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943-820110-MºLuisarengatik galdetu).