
Bisitaldi honetan ikusi ahalko dira Antonio de Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka bezalako pertsonaia garrantzitsuak jaiotzen ikusi dituzten erdi-aroko kale estu eta harriztatuen artean herri honek gordetzen dituen monumentu nagusiak, besteak beste. Aldi berean, herriak historian zehar izan dituen aldaketak antzeman daitezke. Ibilbidea portuko Bentalekua museoan amaitzen da; hemen, XX. mende hasieran arrainaren enkantea nola burutzen zen erakutsiko digute, eta Gipuzkoako portu zaharrenetakoaren berri ere emango digute.
Mutrikuko portu ederrean hartzen du leku Bentalekua Museoak. Arrainaren salmenta zuzentzeko erabiltzen zen XX. mende haserako makina gordetzen dute hemen. Egurrezko makina hauetako gutxi geratzen dira Kantaurialde guztian eta horrek balio etnografiko handia ematen dio. ?Mutriku eta Itsasoa? deituriko erakusketa ere aurki dezakegu, non herriak itsasoarekin duen lotura aztertzeaz gain, historian zehar portuan izandako aldaketak eta arrantzarekin loturiko beste sektoreen garrantzia antzematen den.
Mutrikuko hirigunetik 6 kilometrora dago Gipuzkoako elizarik zaharrena, historiaz bustitako paraje batean. 1086tik dugu eliza honen berri. Berezia da gainera San Andres Eliza, eraikin bakarrean bi eliza hartzen baititu. Barnean ezkutatzen du, gainera, Euskal herriko leiho aurre-erromaniko bakarra.
Turismo Bulegoko Tel.: 943-603378
www.mutriku.net
E-mail: turismo@mutriku.net
Duela zazpi mende itsas bazterrean sortutako herria da Deba eta itsasoari hertsiki lotutako herria izan da betidanik. Herriko ekonomia arrantzaren eta merkataritzaren inguruan jorratu izan da mende askoan zehar.
Bisitaldi honekin, Deba ezagutzeaz gain, Santa Mariako Parrokia ezagutzeko aukera izango du bisitariak, monumentu nazional izendatutako parrokia, hain zuzen ere. XV. mendean eraiki zuten eta ondorengo mendeetan handitu; XVII.ean bukatu zituzten erreforma guztiak. Gipuzkoako eraikin sakroen garapen artistikoa ilustratzeko erakusleihorik onena da parrokia honena; besteak beste, klaustroa, portale kolore-anitza, sakristiako harlandua, eraikin gotikoaren aztarnak eta abar dira horren baieztapen.
OHARRA: Badaezpada, aldaketak egon litezkeelako izena aurretik ematea eta konfirmatzea komeni da.
Erreserbak egin edota informazio gehiagorako:
www.deba.net
www.mutriku.net
www.begi-bistan.net