Hemen zaude: Hasiera Antolatu zure bidaia Turismoa Euskadin Donostia

Donostia

Gipuzkoako kostaldea ikusten ari den bisitariarentzat ezinbestez ezagutu beharreko gune izanik, nekez labur daitezkeen gauza erakargarri asko aurkitzen dira Donostian. Itsasoa maite dutenek hiru hondartza izango dituzte aukeran: Kontxa, Ondarreta eta Zurriola (Grosen);eta ezinbesteko Aquarium-eko bisita Kontxa eta Zurriola hondartzen artean.

Paseo luzeak egitea gustatzen zaienek hortxe izango dituzte aukeran oinezkoentzako kaleak, parke dotore askoak, Urumea ibaiaren ertz "paristarrak"... eta Donostiako kosta alderik alde, batere semafororik ikusi gabe, zeharkatzeko posibilitatea, hasi Ulia mendiaren hegaletik eta Igeldo mendiaren oinetan dagoen Haizeen Orraziraino.

donostia igeldotik

Donostia dotorea ikusi nahi duenak, berriz, hortxe izango ditu, eder asko, Udaletxea, lehengo kasinoa, edota Maria Cristina hotelak eta Victoria Eugenia antzokiak osatzen duten ingurua. Eta berrien artean berrienak ezagutu nahi dituenak, Rafael Moneok Kursaaleko entzundegi eta batzar-jauregi izateko diseinatutako kristalezko kubo handi horietara jo beharko du, kontzerturen bat entzutera, edo Miramon parkean aurkitu beharko du Zientziaren KutxaGunea deitzen dena. Ezaguna da leku horretan ematen den debekua: "Ez ukitzea debekatua". Igeldoko jolas-parkea, badakizu, betiko klasikoa dugu.

Gastronomia maite dutenek ere mila aukera izango dituzte, Alde Zaharreko taberna zaratatsuetako pintxoetatik hasi eta "autore-sukaldaritzako" ordezkari nagusiek dituzten jatetxeetaraino.