Hemen zaude: Hasiera Antolatu zure bidaia Turismoa Euskadin Bilbo

Bilbo

Bilbo, Kanpotik eta barrutik bere burua zaharberritzeko prozesu zirraragarri batean murgilduta dabil, jarduera eta sorkuntza garai liluragarria bizi du eta Guggenheim museoa da aldakuntzaren ikurra.

Izan ere, museoa da hiriaren eraberrikuntzaren erakusgarri nagusia, baina ez bakarra, multzo askoz zabalago baten atala baino (hor ditugu Metroa, Biltzarren eta Musikaren Euskalduna Jauregia, Abando Ibarra). Bereziki, museo berriak bidea eman du hiriak antzinatik dituen eta luzaroan erdi ahazturik edo ezkutuan egon diren beste erakunde eta ondasun batzuk agerian jartzeko eta biziberritzeko: Arte Ederren Museoa, Alde Zaharra, Arriaga antzokia, hiriko merkataritza eta gastronomia, etab.

turismo euskadi- bilbao

Bilboko sukaldaritzaz gozatzea ezin saihestuzko betebeharra da. Bilbon daude euskal gastronomiaren tenpluetariko batzuk, baina horrez gainera, "poteoan" eta pintxotan ibiliz hiriaren erakargarri nagusietako bat dastatuko dugu, bertako jendea eta ohiturak bertatik bertara ezagutuko ditugu. Bilbok kalitateko denden sare zabala eskaintzen die erosketen zaleak direnei. Horien artean badira denda asko berezko estiloa eta ezaugarri bereziak dituztenak. Museoetan hiriak berebiziko aukera eskaintzen du. Urte askotako Opera denboraldi entzutetsuaz gainera, Bilboko eta Euskadiko orkestra sinfonikoen emanaldiak eskaintzen ditu, eta antzerki ikuskizun ugari bere eszenatokietan. Lokal txiki eta ertainetan musikaren estilo guztietako kontzertuak entzuteko aukera dugu, baita emanaldi alternatiboak ere.

Azkenik, Bizkaiko hiriburuan egun batzuk pasatzera datozenek Bilboko kaleetan sorpresa ugari aurkituko dute han-hemenka: zubiak, begiratokiak, eraikin bakanak, plazak eta lorategiak.