Eusko Jaurlaritzak eta Debegesak 'Euskadi gastronomika' ekimena aurkeztu dute Debabarrenean

2014/05/29
Eusko Jaurlaritzak eta Debegesak 'Euskadi gastronomika' ekimena aurkeztu dute Debabarrenean
Eibarko Arrate Kultur Elkarteko Topaleku Aretoan izan da gaur aurkezpena. Aurkezpenean izan dira Basquetourreko zuzendari Arantza Madariaga, Debegesako zuzendari Juan Angel Balbas eta Debabarreneko klubeko ordezkari Oscar Treviño.

Debabarrenean turismoarekin lotutako 29 enpresa dira ‘Euskadi Gastronomika’ produktu klubeko kide. Eusko Jaurlaritzak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, Euskadi mailan martxan jarritako egitasmoa da ‘Euskadi Gastronomika’, eta  Debabarrenean Debegesa Garapen Agentziak eramango du aurrera ekimena.

“Euskadi Gastronomika” ekimenaren helburu nagusia da Euskadi zein potentzial enogastronomikoa duten eskualdeak nazioarteko erreferentzia bilakatzea. Debabarrenaren kasuan, eskualdean turismo enogastronomikoa lantzea eta bertako gastronomia aberatsa sustatzea dira helburuak, bertako produktuan oinarritua eta elkarlan publiko-pribatuaren bitartez.

Basquetourreko zuzendari Arantza Madariagak azpimarratu duenez, “gastronomia da turismo arloan Euskadiren irudia eta posizioamenduaren oinarri nagusienetako bat”. Eta adierazi du “’Euskadi Gastronomika’ dela produktua eta marka garatzeko erreminta”.

Madariagak gogoratu du ‘Euskadi Gastronomika’ marka Euskadiko eskualde desberdinetan lantzen ari dela eta promoziorako erreminta baliagarria dela “turisten aurrean klubeko kide diren establezimenduak bereizteko, euskal gastronomiari eta turismo gastronomikoari lotuak, elikagaien eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatuz”.

Debabarrenean ‘Euskadi Gastronomika’ markarekin bereizi edo nabarmendu diren 39 zerbitzuen artean daude: ostatuak, jatetxeak, erretegiak, sagardotegiak, pintxo tabernak, ekoizleak, gozotegiak eta Debako eta Mutrikuko turismo bulegoak. [Guztira 29 enpresa dira baina horietako batzuk aktibitate ezberdinak eskaintzen dituztenez, 39 zerbitzu zenbatzen dira]

Debegesarekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako elkarteak babesten dute kluba.

Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendari orokorrak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie Klubeko kide guztiei proiektu honetan jarritako konfiantzagatik eta eskualdeko eskaintza gastronomikoa hobetzeko egindako apustuarengatik. Gainera, gastronomia microsite berria aurkeztu du. “Gastronomiari buruzko atal berria debabarrenaturismo.com webgunearen barruan dago. Helburua da, hemendik aurrera eskualdean antolatuko diren ekimen gastronomikoen inguruko informazioa bertan jasotzea”. Atal berri honetan toki nabarmena dauka Debabarreneko Klub Gastronomikoak. Bertan, klubeko kide bakoitzaren gaineko informazioa bildu da.

Esperientzia gastronomikoak

Bestalde, Juan Angel Balbasek ekainean klubeko hainbat kiderekin elkarlanean burutuko diren esperientzia gastronomikoen berri eman du. Esperientzia gastronomiko hauek publiko zabalari zuzenduta daude; sukaldaritza gustuko izatea, horixe izango da bertan parte hartzeko “baldintza” bakarra.

Lehendabiziko ekimena ekainaren 5ean burutuko da, 19:30ean, Eibarko Armagintza Museoan. Bertako gastronomia tradizionala eta sukaldaritzako teknika aurreratuenak uztartuko dituen esperientzia gastronomikoa izango da. Ekimena museoan bertan burutuko da. Partaideek iraganera egingo dute bidaia, Eibarko eta Debabarreneko historia industrialean barrena. ‘Betiko produktuak teknologi berriak aplikatuz’ izenburupean, Oscar Treviño sukaldari eibartarra arduratuko da esperientziaz. Aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943 82 01 10 - Mº Luisarengatik galdetu), eta 10 € ordaindu beharko dira.

Bigarren ekimena Mendaron egingo da ekainaren 19an ‘Txokolatea deskubrituz’ izenburupean. Mendaroko Txokolatea lantegira bisita egin, txokolatea dastatu eta, ondoren, herrian bertan dagoen Aizpe elkarte gastronomikoan txokolate tailerra egingo da. Tailer honetan gure eskualdeko gozogile ezagunek hartuko dute parte. Prezioa 15 eurokoa izango da.

Hirugarren eta azken esperientzia Elgoibarko Belaustegi jatetxean izango da ekainaren 20an, ‘TexMex saioa’ izenburupean. Josu Muguerza chef ezagunaren eskutik, tex-mex errezetak egiten ikasiko dugu bertako produktuak erabiliz. Muguerzak Marti Buckley sukaldaria izango du lagun. Jatekoaz gainera, edari ezberdinak ere prestatuko dituzte bien artean. Parte hartzeko 20 € ordaindu beharko dira.

‘Tripontziak’ lehiaketa twitterren

Ekainaren 13tik 29ra bitartean, ‘Tripontziak’ lehiaketa martxan jarriko da, Debabarreneko hainbat jatetxe eta pintxo tabernen partaidetzarekin. Lehiaketan parte hartzeko herritarrek edo bezeroek establezimendu hauetako batean dastatu duten plater edo produktuen argazki bat igo beharko dute Twitter sare sozialera.

Hainbat sari izango dira; parte-hartze handien duen bezeroak eta argazki onenak sari bana izango dute. Gainera, lehiaketak irauten duen bitartean, menu eta pintxo bereziak dastatzeko aukera izango da eskaintza berezietan. Aurki egongo dira ikusgai xehetasun guztiak debabarrenaturismo.com webgunean.

Prentsaurrekoari amaiera emateko, Debabarreneko produktu klubaren izenean Oscar Treviñok hartu du hitza, Eibarko Kultu eta Koskor pintxo tabernetako ordezkariak. Treviñok elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, klubak dituen helburuak lortu nahi badira: egunetik egunera eskaintza dinamikoagoa eta hobea lortzea, eskualdeko herrietan giroa sortzea eta, turismo gastronomikoari dagokionean, Debabarrena erreferente bihurtzea.

Debabarreneko Produktu Klubean turismo gastronomikoari lotutako establezimendu mota ezberdinek parte har dezakete. Marka honekin bat egin nahi duten enpresek Debegesako turismo sailarekin jarri behar dute harremanetan (943 82 01 10/beaescobar@debegesa.com).