Itziarko Salegi Jatetxea eta Mutrikuko Txirlatxo Taberna, Geoparkeko ‘Flysch & Karst’ pintxo lehiaketan garaile

2013/12/10
Itziarko Salegi Jatetxea eta Mutrikuko Txirlatxo Taberna, Geoparkeko ‘Flysch & Karst’ pintxo lehiaketan garaile
Aurrerantzean Flysch eta Karst pintxoak urte osoan dastatu ahal izango dira eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako “Flysch Karst” Pintxo Lehiaketak baditu irabazleak:

  • FLYSCH PINTXOA: Txangurru eta muskuiluz beteriko patata. SALEGI JATETXEA, Itziar (Deba). 
  • KARST PINTXOA: Txipiroiak bere tintan eta urdaiazpikoz beteriko arrautza egosia espinaka saltsarekin arrautzaztatua. TXIRLATXO TABERNA, Mutriku.

Sari-banaketa ekitaldia pasa den abenduaren 3an egin zen Debako Itsas Begi elkartean. Irabazleek diploma eta 300 euroko diru-saria eskuratu zuten.

Epaimahaia

Epaimahaia Andres Conde Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldariak, Pantxo Bedialauneta Cantabrico Tabernako sukaldariak (Ondarroa) eta Josu Muguerza Belaustegi Jatetxeko sukaldariak (Elgoibar) osatu zuten. 

Edonola ere, azken erabakia hartzerako orduan kontuan hartu ziren pasa den asteburuan herritarrek emandako botoak. Hain zuzen, 1.000 lagun baino gehiago izan dira Mutriku, Deba eta Zumaiako tabernetan botoa eman zutenak.

Bozketan parte hartu duten herritar guztien artean saria zozkatu zuen Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat. Sariduna Gotzone Martija mutrikuarra izan zen.

Deskontu-txartelak pintxoak dastatzeko

Aurrerantzean, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa lehiaketan parte hartu duten 20 establezimenduetan eskainiko dira. Eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan ostalaritza bultzatu eta kontsumoa sustatzeko, 

6,60 euroren truke eskuratu ahal izango dira eta txartel bakoitzarekin herritarrek 6 pintxo dastatzeko aukera izango dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko establezimendu parte-hartzaileetan, 3 eguneko epearen barruan. Deskontu-txartelak 3 herrietarako balio dute eta pintxo irabazleez gainera, eskaintzen diren gainerako pintxoak kontsumitzeko erabili ahal izango dira.

Deskontu-txartelak Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan eskuratu daitezke. Deskontu-txartelarekin batera, herritarrek mapa bat jasoko dute, hiru herrietako taberna eta jatetxeen kokapenarekin.