Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Kostaldeko Geoparkeak inoizko eskaintza zabalena prestatu du aurtengo denboraldirako

Euskal Kostaldeko Geoparkeak inoizko eskaintza zabalena prestatu du aurtengo denboraldirako

2015/03/06
  • Geoparkea
Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak jaso ditu 2015eko bisita gidatuen programa berrian. Nabarmen handitu du, gainera, irteera gidatuen kopurua. Iaz 269 irteera eskaini ziren eta aurten 499 bisita daude aurreikusita.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berria eman du ezagutzera, eta, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixa Fundazioak Baratzazarrak deritzon behatokia inauguratu dute Elorriaga auzoan (Itziar, Deba) elkarrekin antolatu duten prentsaurrekoan.

Ekitaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua izan du buru, Jon Peli Uriguen, eta berarekin batera egon dira La Caixaren Gipuzkoako erakunde-zuzendaria, Gaspar Guembe, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak: Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea, Iñaki Arrizabalaga, Zumaiako alkatea, eta Maider Zubikarai, Debako alkatea. Haiekin batera egon da baita ere Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Elorriagako begiratokia leku ezin hobea da Euskal Kostaldeko Geoparkeko flysch edota itsaslabar ikusgarriez gozatzeko. 150 metroko altuera duen itsaslabar baten gainean kokatua dagoen egurrezko plataforma bat da eta oso erraz iritsi daiteke bertara, 5 minutu oinez Elorriagako atsedenlekutik. Atsedenleku honetatik igarotzen dira Gipuzkoako itsasbazter osoa zeharkatzen duen Talaia ibilbidea eta kostaldeko Done Jakue Bidea, urtero milaka lagunek erabiltzen dituzten bi azpiegitura. Ikuspegi zoragarriez gainera, behatokiak balio handiko ondarea jasotzen du, flyscharen eta marearteko zabalgunearen balio paisajistiko, geologiko eta ekologikoa, hain zuzen ere, eta hura ezagutaraztea du helburu. Gure oinen azpian, 60 milioi urteko historia gordetzen du flyschak geruzaz geruza.

Zalantza gabe, flyscheko itsaslabarrak dauka Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasun handiena. Gogoratu, Geoparkea 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da, UNESCOk babestua.

Bi proposamen berri 2015eko Bisita Gidatuen programan 

Neguko atsedenaldiaren ostean, asteburu honetan abiatuko da 2015eko Bisita Gidatuen programa berria eta abendura arte luzatuko da. Aurtengoa bosgarren denboraldia izango da. Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak jaso ditu. Nabarmen handitu du, gainera, irteera gidatuen kopurua. Iaz 269 irteera eskaini ziren eta aurten 499 bisita daude aurreikusita.

Era berean, aurtengo programak berrikuntzak dakartza. Bi proposamen berri gehitu ditu Geoparkeak. Bata, “Merkatari eta piraten istorioak” izeneko proposamena: gure uretan harat-honat ibili diren merkatari, pirata eta kortsarioen historia aberatsaren berri jakingo dute bisitariek eta Zumaiako itsas ondare aberatsa ezagutuko dute. Alde Zaharrean barrena bitxikeria, kuriositate eta istorio harrigarri ugari eskainiko dizkigu ibilaldi kultural honek, eta merkatari-familia handien bizitzaren eta garaiko jauregien nondik norakoen berri jakiteko aukera emango digu.

Bigarren proposamena, “Flysch beltza” izenekoa da: Ibilaldi harrigarria Geoparkeko itsas hondo zaharrenetan barrena. Debako hondartza bikainean eta itsas pasealekuan egiten den oinezko bisita honek aukera ematen digu, gidari espezializatu baten eskutik, Geoparkeko flysch ezezagunenaren, hau da, Debako flysch beltzaren, sekretuen berri jakiteko. 100 milioi urteko bidaia egingo dugu iraganera, Bizkaiko Golkoa zabaldu zen hasierako garaietara, eta itsaspeko paisaia zoragarria bistaratuko dugu: koralezko arrezife handiak, itsaspeko abaniko sakonak, lurrikarak eta naturaren harribitxi bereziak, hala nola Debako septariak.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia webgunean kontsulta daiteke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak online egin daitezke, webgunearen bitartez, modu erraz eta seguruan.

Webgune berria estreinatu du Geoparkeak

Gaurdanik Geoparkearen webgunea itxuraldatuta dago. Webguneak egitura berbera mantendu du, Geoparkeari buruzko informazio orokorrarekin eta bisita gidatuen gaineko informazio zehatzagoarekin, baina diseinu berria du, bisualagoa eta erakargarriagoa. Bertan Geoparkeko txoko, paisaia eta tradizio ezberdinen argazki handiak dira nagusi, bisitarien arreta bereganatu nahian.

Online irudi berrituarekin batera, diseinua moldatu egiten da eta webgunea egoki ikus daiteke edozein pantaila eta dispositibotan. Webgunea euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago.

Eibarko Codesyntax enpresak burutu ditu webgunea berritzeko lanak.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak inoizko eskaintza zabalena prestatu du aurtengo denboraldirako