Hemen zaude: Hasiera Albisteak Geoparkeak errebalida azterketa gainditu eta Sareko kide izaten jarraituko du beste lau urtez

Geoparkeak errebalida azterketa gainditu eta Sareko kide izaten jarraituko du beste lau urtez

2014/09/08
  • Geoparkea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘txartel berdea’ eskuratu du eta geoparke izendapenari eutsi dio. Honek esan nahi du UNESCOren babesa daukan Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarraituko duela.

Aho batez hartutako erabaki sendoa izan da. ‘Txartel berdea’ eskuratuta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez eutsiko dio geoparke izendapenari eta Europako zein Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarrakituko du. Azterketaren emaitza ostegunean eman zen jakitera, irailaren 4an.

Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak, eta Asier Hilariok, Zuzendari Zientifikoak, Alemaniako Harz Geoparkean jaso zuten albiste bikaina. Bi kideak oso pozik agertu ziren Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileek burutu duten txostenaren berri izan zutenean, izan ere, erabateko argitasunarekin adierazten du Geoparke proiektuaren sendotasuna eta egonkortasuna, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen inplikazioa eta babesa nabarmenduz.

Halaber, txostenak nazioarte mailako garrantzia duen ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua goraipatzen du, eta bereziki ondare honen interpretaziorako, dibulgaziorako eta promoziorako egindako lana.

Azterketa gaindituta, Geoparkeak pausu garrantzitsua eman du aurrera datozen lau urtera begirako erronkei ekiteko.

 

Geoparkeen Europako eta Munduko Sarea

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea. Sarea ondare geologiko eta kultural azpimarragarria duten lurraldeek osatzen dute eta UNESCOren babesa dauka.

Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.

 

Geoparkeak errebalida azterketa gainditu eta Sareko kide izaten jarraituko du beste lau urtez

Leire Barriuso eta Asier Hilario Nickolas Zouros, Sareko koordinatzailearekin