Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ezagutu familia-giroan eta bizikletaz Mendaro eta bere inguruak!

Ezagutu familia-giroan eta bizikletaz Mendaro eta bere inguruak!

2017/03/22
  • bizikletaz
  • turismoa
  • debabarrena
  • mendaro
Mendaroko txokorik ezezagunenak bizikleta gainean ezagutzeko asmoz, 'Mendaro bizikletaz' ekimena antolatu du Arno Guraso Elkarteak, Udalaren laguntzaz. Igandean, hilaren 26an, izango da bizikleta irteera. Partehartzaileak Herriko Enparantzatik abiatuko dira 10:00etan. Izen-emate epea ostiralean hilak 24 amaitzen da.

Arno guraso elkarteak mendi irteerak antolatu ohi ditu, Mendaro inguruko paraje ederrak ezagutzera emateko xedez. Oraingoan, ordea, 'Mendaro bizikletan' ekimena abian jarri dute, bi gurpilen gainean bisitari zein bertakoei herriko txoko ezezagunak erakusteko asmoz.

Familian egiteko bi ibilbide erakargarri

Bi ibilbide prestatu dituzte Arno taldekoek. Kilometro eta erdiko luzera izango du ibilbide motzak: Herriko Enparantzatik Lizarolaraino. Ibilbide luzeak, berriz, 2,5 kilometroko luzera izango du. Herriko Enparantzatik abiatu eta Lizarola eta Industrialdetik pasa ostean, Plaza auzoan amaituko da. Adin guztietako lagunek egiteko moduko ibilbideak direla nabarmendu dute antolatzaileek. 

Izena emateko epea ostiralean, martxoak 24, amaitzen da. Hortaz, interesatuek arnomendiage@gmail.com helbidera idatzi behar dute, joango diren lagunen izen-abizenak eta telefono zenbaki bat adieraziz.