Hemen zaude: Hasiera Albisteak Elgoibarrek aisialdi egitarau zabala taxutu du uztailerako bizilagunei eta bisitariei zuzenduta

Elgoibarrek aisialdi egitarau zabala taxutu du uztailerako bizilagunei eta bisitariei zuzenduta

2017/07/03
  • Festak
  • Elgoibar
  • Debabarrena
  • Kultura
  • Nazioarteko Folklore Jaialdia
  • Turismoa
  • Uztaileko egitaraua
Uda garaia ona izan ohi da, ez bakarrik deskantsatzeko, baita ongi pasatzeko eta festen, ekitaldi sozialen, kontzertuen... bitartez deskonektatzeko ere. Finean, jarduera eta jai mordoxka izan ohi dira herri askotan udaran zehar. Gure udalerriak ez dira salbuespenak. Horren erakusle, esaterako, Elgoibar: udaleko kultur sailak antolatuta, bisitari eta bizilagunentzat egitarau mardula prestatu du uztailera begira.

Elgoibarko Udaleko Kultur sailak uztailerako egitarau ederra taxutu du, familia-giroan gozatu eta parte hartzeko aproposak diren jarduerekin.

San Fermingo jaien baitan, uztailaren 7tik 14ra, entzierroen jarraitzaile direnek aukera ezin hobea edukiko dute horiek zuzenean jarraitzeko, goizeko 08:00etatik aurrera, herriko kultur etxean. Era berean, behin festa abiatzen duen txupinazoaren ostean, txikienek biziki gozatuko dute San Fermin Txikiaz, Elgoibarko Izarra taldeak antolatutako haurren entzierroarekin, zein San Bartolome eta Rosario kaleetatik igaroko den 10:30tik 13:00ak arte.

Egun berean, uztailaren 7an, 22:00 eta 02:00ak bitartean ultratrailak eta mendi lasterketak gustuko dituztenek Ehunmilak proban partehartzen dutenei  animatzeko parada izango dute Azkaratetik pasaeran.

Larunbatean, aldiz, hilak 8, arratsaldeko 16:00etan, Xake txapelketa ospatuko da Maalako Parkean, Zubi-Ondo Xake Elkarteak antolatuta.

Hurrengo larunbatean, uztailak 15, CD Elgoibar eta Real Sociedad (Lehen Maila) arteko norgehiagoka jokatuko da, tokiko futbol taldeak bere historian zehar izan dituen presidente-ohiak omentzeko. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da, Mintxetako kirol instalazioetan.

Uztailak 21, ostirala: Elgoibarko XXXI. Nazioarteko Folklore Jaialdia

Hileko egitarauaren hitzordu garrantzitsuena uztailaren 21ean iritsiko da. Izan ere, larunbat horretan Elgoibarko XXXI. Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatuko da. Bertan parte hartuko dute Indiako Rang Sagar taldeak, Estatuko Kantu Taldeak, eta Elgoibarko Haritz Euskal Dantza Taldeak. Haritz EDT taldeak antolatutako jaialdi hori Maalako Parkean hasiko da gaueko 22:30ean. Parke berberak, hilaren 31n, Eguren Orkestraren erakustaldia hartuko du, arratsaldeko 19:00etan, bertaratzen direnak dantza batean jartzeko.

Elgoibarrek aisialdi egitarau zabala taxutu du uztailerako bizilagunei eta bisitariei zuzenduta

Elgoibarko Nazioarteko XXXI. Folklore Jaialdiaren kartela.

Albiste erlazionatuak