Elgoibarko kaleek jada tradizio bihurtu den ganadu eta nekazal azoka hartuko dute larunbat honetan

2017/09/28
Elgoibarko kaleek jada tradizio bihurtu den ganadu eta nekazal azoka hartuko dute larunbat honetan

Iraila behar bezala amaitzeko larunbat honetan Elgoibarren azken larunbatetan egin ohi den ganadu eta nekazal azoka egingo da. Beste edizioetan egin ohi den moduan, azoka goizeko 09:00etan hasiko da Kalebarren Plazan, Elgoibarko baserrietan ekoiztutako produktuen salmentarekin. Ospakizunak berriro ere Kale Kantariak taldeko kideen ahotsak izango ditu lagun, herriko alde zaharretik barrena 12:00etatik aurrera euskal abesti tradizionalak kantatuko baitituzte. Ordu berean, udalerriko txikienei zuzendutako sukaldaritza tailerra egingo da. Kasu honetan, bertaratzen direnek aukera izango dute pizza eder bat egiteko, ondoren bertan jan edo etxera emateko aukera izango dutelarik. Tailer hori eguerdiko 14:30 arte egongo da zabalik.

Txosnak ere izango du protagonismoa larunbat goizean. Kultur etxearen ondoan ipiniko da gunea, Kalebarren Plazan. CD Elgoibar egongo da postuaren ardurapean. Hauek edariak eta txorizo zein sahieski pintxoak prestatu eta salduko dituzte 1,5 euroko prezioan.

Ganadu azoka

Datorren larunbateko azokaren itxiera Aita Agirre Plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera ikusgai egongo den ganadu-erakusketaren eskutik iritsiko da. Azoka hau oraindik ere erreferentzi da ganadu tratularientzat, baita abelburuak ukilurako erosi nahi dituztenentzat ere.

Gaur egun, Elgoibarko azoka da hilean behin egiten diren bakarrenetako bat. Gainera, Debabarreneko baserritarrentzat topaleku erreferente bihurtu da, baita ganadua erosteko interesa duten inguruko eskualdeko baserritarrentzat ere.