Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarreneko 20 establezimendu Euskadiko Turismo Enogastronomikoko Gida berrian ageri dira

Debabarreneko 20 establezimendu Euskadiko Turismo Enogastronomikoko Gida berrian ageri dira

2017/09/15
  • Debabarrena
  • Euskadi Gastronomika
  • Gastronomia
  • Turismo Enogastronomikoa
Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak “Euskadiko turismo enogastronomikoko gida” aurkeztu du, non gure gastronomiari buruzko informazio xehea eta zabala eskaintzen den.

Gogorarazi behar da gastronomia, identitate-markaz gainera, turistek Euskadi bisitatzeko motibo nagusietako bat dela. “Joera argia da eta handituz doa: turistak gure bikaintasuneko enogastronomiagatik datoz bisitan, Euskadik eskaintzen duen elementu bereizleagatik, eta produktu enogastronomikoak, kontsumitzeaz gainera, erosi ere egiten dituzte", azpimarratu zuen Retortillok.

Lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) editatuk den argitalpenaren helburu nagusia da turismo-bulegoetako profesionalei Euskadira hurbiltzen diren bisitariei aholkuak emateko lanean laguntzea eta bisitariei helmugako baliabide enogastronomikoen gaineko informazioa ematea.

Turismo Enogastronomikoko Gida berria: gure bazkideentzat erakuslehio nazioartera begira

Gida, sailburuak azaldu bezala, ez da enpresa-zerrenda hutsa; izan ere, “establezimenduen informazio xehatuaz gainera, lurraldeei buruzkoa ere jasotzen da. Helmugan esperientzia enogastronomikoa planifikatzeko informazioa eskaintzea da helburua”, honako honetan oinarritzen dena:

  • Non jan: jatetxe, erretegi, sagardotegi eta pintxoen tabernen zerrenda batekin.
  • Non erosi: gourmet denden, enoteken, gozotegien eta gozo-denden gaineko informazioarekin.
  • Zer bisitatu: Euskadin protagonismo enogastronomiko nabarmena duten baliabide, esperientzia eta leku guztiak.
    • Txakolinaren lurraldea, sagardoaren lurraldea, Idiazabal lurraldea, Euskal Kostaldea eta Arabako Errioxa.
    • Euskadiko Museo Enogastronomikoen Sarea.
    • Merkatu tradizionalak.
    • Gastronomiako TOP esperientziak.

Argitalpenak dakartzan establezimenduak honako hauek dira:

  • Euskadi Gastronomika produktuaren klubeko 653 establezimenduak.
  • Michelín izarra duten 20 establezimenduak.
  • Soles Repsol sariak dituzten 51 establezimenduak. Soles Repsol Estatuko jatetxe eta sukaldari onenei ematen zaizkien sariak dira; Gastronomiaren Errege Akademiako Lagunen Elkarteko eta Mahai Oneko Kofradiako kideek hautatu eta balioetsi dituzte.
  • 50th Best Restaurants zerrenda prestigiodunean sartu diren 6 establezimenduak; zerrenda hori The World’s 50 Best Restaurants Akademiak prestatzen du eta, bertan, komunitate gastronomikoko nazioarteko mila lider baino gehiagok parte hartzen dute.
  • Gipuzkoako Jakitea elkarteko 25 establezimenduak, euskal sukaldaritzaren plater tradizionalak babesten eta sustatzen dituena.
  • Eta gida hau egiten lankidetzan jardun duten kazetari espezializatuek proposatutako establezimenduak.

Hiru atal horiez gainera, gidak establezimendu bakoitzaren laburpen-fitxa jaso du; bertan, kokapena, establezimenduaren tipologia, izena, deskribapena, sukalde-mota, etxeko espezialitateak, prezioak eta ordutegiak jaso dira.

Gida online eta paperean argitaratuko da, bi formatu bereizitan: enologiarekin lotuta dagoen kortxozko azala eta gastronomiarekin lotuta dagoen koadrodun mantela gogora dakarren estalkia.

Debabarrena Turismotik eskualdeko ostalaritza establezimenduei  Euskadi Gastronomika-ko kide egiteko gonbidapena luzatzen zaie, klubak dituen abantailak aprobetxa ditzaten.

Euskadi Gastronomikari buruz

Turismo Sailak sortu zuen; hiru hiriburuek eta euskal eskualdeek osatzen dute sarea. Sarearen helburua produktu turistikoa eraikitzea da, lurraldearen identitate eta kalitate gastronomikotik abiatuta. Hori guztia, Euskadik gai enogastronomikoaren inguruan nazioartean duen posizioa finkatzeko, gastronomiaren gaineko interesa duten bisitari-kopurua areagotzeko, kudeaketa turistikoaren alderdi guztiak hobetuz.