Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debak eta Mutrikuk 'Itxas Mila' igeriketa proba hartuko dute larunbat honetan

Debak eta Mutrikuk 'Itxas Mila' igeriketa proba hartuko dute larunbat honetan

2017/06/22
  • Igeriketa
  • Debabarrena
  • Mutriku
  • Turismoa
  • Deba
  • Kirola
  • Itxas Mila
Bosgarren edizioa da aurtengoa eta beste behin, Esklerozi Anizkoitzaren aurka borrokatzeko konpromisoa erakutsiko dute antolatzaile zein parte hartzaileek. Kirol ekitaldiak leku askotatik etorritako partaideak hartuko ditu. Lasterketa arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Mutrikuko portutik, Debako Santiago Hondartzan amaituz

Debabarreneko bi kostaldeko herriak, Debak eta Mutrikuk, beste behin Itxas Mila igeriketa probaren eszenatoki nagusi bilakatu dira larunbat honetan,hilaren 24an. Hitzorduak, orain dela bost urte hasi zen bezalaxe, solidaritate kutsua izaten jarraituko du. Izan ere, Deba Xtrem Klubak beste behin antolatu duen ekimen honek Esklerosi Anizkoitzaren aldeko konpromisoa zabaltzen eta erakusten jarraituko du, Busti Zaitez Esklerosi Anitzarengatik kanpainaren baitan.

2016ko ediziotik, Itxas Milak Mutriku du abiapuntu. Hala, lasterketan parte hartuko dutenak larunbatean, ekainaren 24ean, herriko portutik aterako dira arratsaldeko 16:00etan eta Euskal Kostaldeko Geoparketik igarotzen den 3.000 metroko zeharkaldia amaitutzat emango da behin igerilariak Debako Santiago Hondartzara iritsita.

Zehar itsasaldi hori iraganean ere egiten zen, zehazki, 1995 eta 2002 bitartean. Garai hartan antolatzaile lanean Elgoibarko Urzagi Triatloi taldea jarduten zen. Aipagarria da baita 2014tik Eibarko Urbat Klubak Flysch Beltza proba antolatzeaz arduratzen dela.

Itxas Mila proba honen berezitasuna da parte hartzaileek igeri egingo dutela ADEMGI-Gipuzkoako Esklerozi Anizkoitzarek Elkartearen alde, 'Busti zaitez' kanpainaren baitan. Izen emate bakoitzeko euro bat, elkartera bideratuko da.

Izen-emateak eta prezioak

Debekatuta dago proban neoprenoa erabiltzea. Halaber, partehartzaileek Debatik Mutrikura mugitzeko autobus zerbitzua izango dute dohainik. Zerbitzu hori 13:30etik 14:30etara egongo da erabilgarri. Zeharkaldia amaitzean, igerilariek oroigarri modura kamiseta bat eta bainu-txano bat jasoko dute. 

Igeriketa proban parte hartuko dutenek gainera arropazaindegia edukiko dute euren gauzak uzteko, bai Deban baita Mutrikun ere. Arropazaindegiaren ordutegia honakoa izango da: Deban, uzteko aukera egongo da 13:00 eta 14:30 bitartean eta jasotzeko, aldiz,17:00etatik 18:00etara. Mutrikun gordetzeko zerbitzua egongo da soilik, 14:30 eta 15:45 artean. 'Igerilariaren poltsa' jasotzeko beharrezkoa izango da NAN-a erakustea. Partaideak ezingo balu poltsaren bila joan, hirugarren pertsona batek hartu dezake bere ordez, igerilariaren identifikazio agiriaren fotokopia bat eramanaz. 

Izen-emateak www.sailkapenak.com, webgunearen bitartez egin daitezke datorren ostiralera arte, hilak 23, arratsaldeko 20:00ak arte (28 euroko kostu du internet bidezko izen-emateak). Aurten, probaren egunean bertan ere eman daiteke izena, presentzialki 30 euro ordainduz.

Debak eta Mutrikuk 'Itxas Mila' igeriketa proba hartuko dute larunbat honetan

Joan den urteko 'Itxas-Mila' edizioaren irudia, Mutrikuko portutik Debarantz abiatzen. / Argazkia: Deba Xtrem Club