Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarreneko Itxaspe Kanpinak eskuratu du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria 2017

Debabarreneko Itxaspe Kanpinak eskuratu du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria 2017

2017/09/29
Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura Diputatuaren eskutik jaso zuen Itxaspe Kanpinak errekonozimendua. Itxasok, Gipuzkoako Turismoaren Festan, goratu zuen familia negozio honek bere ibilbidean zehar berrikuntzaren eta kalitatearen alde egindako etengabeko apustua.

Itxaspe Kanpinak (Itziar, Deba) Turismo Berrikuntza Saria 2017 jaso zuen joan den ostiralean, irailak 29, Araeta Sagardotegian egindako Gipuzkoako Turismo Jaian, non sektoreko profesionalak zein administrazio desberdinetako ordezkariak bildu  ziren.

Ekitaldian zehar, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura Diputatuak Itxaspe Kanpineko arduradunei eskura eman zien bigarren Turismo Berrikuntza Saria, kalitatezko zerbitzuak eta arreta eskaintzen dituen familia negozio honen ibilbidea aitortzeko xedez.

Debabarrena Turismok aurkeztutako hautagaitza, garaile

Turismo Berrikuntza Sarietarako Itxaspe Kanpinaren hautagaitza Debabarreneko Garapen Agentziak Debegesak aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian. Zehazki, Debegesako Turismo Sailak -Debabarrena Turismok- Itxaspe Kanpinarekin elkarlanean landu zuen hautagai-txostena.

"Itxaspe Kanpinari emandako sariak aitortu nahi du familia negozio horrek 30 urtez egindako etengabeko lana. Bi belaunaldiz osatutako familia, soberan erakutsi dituena berrikuntzarako gaitasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa, besteak beste", goraipatu zuen Denis Itxasok. Turismo Diputatuak azpimarratu zuen "berrikuntza Itxasperen ibilbidean zehar present egon den faktore bat" izan dela. "Berrikuntza teknologia eta iraunkortasun esparruetan, baita ekipamenduen diseinuan eta enpresa arte kooperazioan zein tokiko garapenean ere- Horren erakusle garbia da Euskal Kostaldeko Geoparkea".

Itxaspe kanpinak 1988.urtean ireki zituen ateak. Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkean dago kokatuta eta paraje ederrez dago inguratua, eta itxasora zein Flysch-eko labarretara bista ezin hobeak eskaintzen ditu. Hortaz, inguru natural paregabea du; gainera, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola, ezgaituentzat moldatutako igerilekua, kirol anitzeko pista, haurrentzako jolasgunea, komunak, bungalow-ak, e.a. Bungalow Natura instalazio berriak Estatuko iparraldean aitzindari, lurretik hainbat metrora dauge igota; hala, ez dute ingurumenean inolako inpaktu kaltegarririk. Gama altuko bungalowak dira, familiarrak eta eko-arduratsuak. Bungalow berri horien instalazioarekin, Itxasperen helburua da familia turismoa sustatzea eta turista fluxua desestazionalizatzea -bezero gehienak nazionarte mailakoak dira, Holanda, Erresuma Batua, Dinamarka edota Frantziatik etorriak-.

Itxaspe kanpina familia negozioa da. Jon Aguirreazaldegui eta Ana Luisa Zubizarreta senar-emazteak eta euren semeak, Egoitz eta Gorka, dira kanpineko arduradunak. Berrikuntzareriko konpromisoa eta naturarekiko errespetua dira beren enpresa-filosofiaren oinarri.

Itxaspe Kanpina Debabarrena Turismoko kolaboratzaile da hasieratik eta kalitate turistikoa bermatzeko hainbat programetan parte hartzen jarraitzen du. Kalitatearen Aldeko Konpromiso Turistikoaren zertifikatua du eta Interneteko kanpin eta ostataleku bilatzaile desberdinetan jasotako iritzietan erreparatuz gero, Euskadi mailan kalifikazio onena duen kanpina da.

 

Informazio gehiagorako: www.campingitxaspe.com

 

 

Debabarreneko Itxaspe Kanpinak eskuratu du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria 2017

Itxaspe Kanpineko arduradunak, Gorka eta Egoitz (erdian) eta Debabarreneko ordezkaritza, Maite Cruzado Turismo Zuzendaria eta Denis Itxaso Turismo eta Kultura Diputatuarekin. / Argazkia: Sn Sn Region