Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarrenak turismo fluxu historikoa izan du Aste Santu honetan

Debabarrenak turismo fluxu historikoa izan du Aste Santu honetan

2017/04/19
Bisitari ugari hartu ditu eskualdeak azken jaiegunotan. Hala berresten dute datuek: 2016an baino %32 turista gehiago etorri da Debabarrenera Aste Santutako oporrez gozatzera. Turismoa goranzko joera ari da hartzen, ez bakarrik Euskadiko hiriburuetan, baita kostaldeko herrietan zein barnealdean ere.

Debabarrenak pozik egoteko arrazoiak baditu Aste Santuetako datu turistikoei erreparatuz gero. Eskualdeak iaz baino %32 bisitari gehiago izan du jai egun hauetan. Baikortasunerantz daramate eskualdea turismo esparruari dagokionez; uda denboraldirako ere aurreikuspen onak izateko esperantzak ere ematen dituzte emaitza bikain horiek.

Deba eta Mutrikuko turismo bulegoek bisitari anitz hartu dituzte Aste Santu hauetan. Apirilak 13 eta 17 bitartean etengabeko turista jarioa izan da bi informazio gune horietan. Bisitariak Debabarreneko eta berau osatzen duten zortzi udalerrietako -Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku  eta Soraluze-baliabide turistiko eta txoko esanguratsuenak ezagutzeko gogotsu agertu dira.

Bisitarien erdia baino gehiago, atzerritik eta Estatutik iritsi da

Aste Santuetan normalki bertako turismoa gailentzen da. Aurten, ordea, joera hori zertxobait aldatu da jasotako datuen arabera. Nazioarte bisitari kopurua nabarmen igo da -azpimarragarria da, esaterako, Debabarrenera etorritako alemaniar kopurua, frantsesen eta ingelesen aurretik-, baita Estatukoa ere, tartean Katalunia, Balentzia, Madril eta Andaluzia.

Turismo sektorea marka guztiak apurtzen ari da ezbairik gabe azken urteotan eta, Euskal hiriburuek fluxu turistiko gehiena hartu arren, gero eta gehiago dira kostaldeko herriak, barnealdekoak, eta oro har eskualde desberdinak ezagutu nahi dituzten bisitariak. Modu honetara, Euskadin ematen den turismoa are eta banatuagoa dago, kalitatezko turismorantz bidea zabalduz.

 

Debabarrenak turismo fluxu historikoa izan du Aste Santu honetan

Flysch-aren ibilbidea Sakoneta parean, Deban, Euskal Kostaldeko Geoparkeren baitan dagoena. / Argazkia: Debako Turismo Bulegoa.