Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debabarrena Turismok herri-kirol erakustaldia eramango du Fitur azokara

Debabarrena Turismok herri-kirol erakustaldia eramango du Fitur azokara

2014/01/17
  • Fitur
  • Turismoa
Urtero bezala, Debabarreneko eskualdea Fitur-en egongo da. Nazioarteko Turismo Azoka urtarrilaren 22tik 26ra egingo da Madrilen.

Debabarreneko eskualdea Fitur azokan egongo da aurten ere, Euskadiko delegazioarekin batera. Nazioarteko Turismo Azoka urtarrilaren 22tik 26ra egingo da Madrilen. Fitur urteko lehen hitzordu garrantzitsua da eskualdeko eskaintza turistikoa promozionatzeko, baita Euskal Kostaldeko Geoparkea aurkezteko ere.

Euskadiko standaren barruan, bisitariei Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie: proposamen eta egitasmo desberdinen gaineko informazioa, Euskal Kostaldeko Geoparkea nabarmenduz, ostatu eta zerbitzuen gida, eskualdeko herrien informazioa, bereziki kostaldekoak, Produktu Gastronomikoaren Klubeko enpresen gida, BTT ibilbideak, museo industrialak, etab.

Gainera, aipatzekoa da, Debabarrena Turismok bere presentzia handituko duela aurten Fitur-en eta herri-kirol erakustaldia eramango duela Madrilera. Euskadiko standean “plaza” edo zonalde bat egongo da jarduera ezberdinetarako, bisitariek gure lurraldea ezagutu eta goza dezaten. Horien artean, Mallabiko Zelai harri-jasotzaileak, 16 aldiz Euskadiko txapeldunak, beste bi kirolari gazterekin batera, herri-kirol erakustaldia eskainiko du asteburuan zehar, batez ere, harri-jasotzea.

Madrilera eskualdeko delegazio bat joango da: Debegesa garapen agentziako Turismo arduraduna, Cristina Iturriagagoitia, Mutrikuko Turismo Bulegoko arduraduna, Marta Amonarriz, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Nazioarte mailako turismo azokarik garrantzitsuenetakoa da Fitur eta urtero sektoreko profesional ugari biltzen da bertan.