Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bowiren hit-ak Eibarren, Madril eta Bartzelonan entzungai izan ostean

Bowiren hit-ak Eibarren, Madril eta Bartzelonan entzungai izan ostean

2017/03/27
  • David Bowie
  • Eibar
  • Debabarrena
  • Musika
  • David Brighton
  • Coliseo
Eibarko Coliseo Antzokiak musikari britainiarraren abesti onenak hartuko ditu gaur hilak 27 David Brighton imitatzailearen eskutik. 'The Ultimate David Bowie experience' du izenburutzat Las Vegas hirian glam-aren erregearen omenez sortutako show horrek. Kontzertua gaueko 20:30an izango da, eta lehiatilak ordu bete lehenago irekiko dira sarreren salmentarako.

Zalantzarik gabe, David Bowie zeruan dauden musikari- izarren artean berezko txokoa du. Aurreko mendean eta egungoan musika munduan artista britainiarrak utzitako aztarnak oraindik ere bizirik dirau, eta hala jarraituko du urte askoan. 70. hamarkadan glam-aren sortzaile eta bultzatzaile nagusi bihurtu zen, eta  azken egunera arte izaera kamaleoniko eta aldakorra bere nortasunaren estandarte izan ziren. Ezin ahaztu bere azken lanean, Blackstar izenekoan, nolabait, mezu subliminal edo ezkutukoan, bere bizitzaren azken egunak zetoztela jakitera eman zuela.

Eibarrek gaur gauean David Brighton imitatzailearen emanaldia hartuko du Coliseo antzokian. Berauk zuzendutako eta interpretatutako 'The ultimate David Bowie experience' show-ak kritika apartak izan ditu mundu zabalean. Estatu mailan Madril eta Bartzelonan kontzertu bana eskaini ondoren, Debabarreneko herrian izango da gaur martxoak 27, Bowiren jarraitzaileen gozamenerako, mundu birari jarraipena eman aurretik.

Emanaldia gaueko 20:30ean izango da, eta Coliseoko lehiatilak ordu bete lehenago irekiko dira, sarrerak eskuratu ahal izateko. Informazio gehiagorako bisita ezazu  Coliseo antzokiaren webgunea.