Hemen zaude: Hasiera Albisteak Artisau azoka, herri-kirolak, bertsoak, erromeria eta beste ekitaldi mordoxka asteburu honetan Eibarko Euskal Jaian

Artisau azoka, herri-kirolak, bertsoak, erromeria eta beste ekitaldi mordoxka asteburu honetan Eibarko Euskal Jaian

2017/05/23
  • Euskal Dantzak
  • Eibar
  • Euskal Jaia
  • Gastronomia
  • Turismoa
  • Erromeria
  • Tradizioa
Euskal ohiturek Eibarko kaleak hartuko dituzte asteburu honetan 52. Euskal Jaiaren baitan. Zatoz eta gozatu tradizioaz festan murgilduz!

Eibarko 52.Euskal Jaia ate joka daukagu. Asteburu honetan, maiatzak 26, 27 eta 28 euskal kutsua duten ekitaldi mordoxka egingo dira hiri armaginean.

Ostiralean maiatzak 26 Kalian Jolasian deritzon ekimena egingo da, non Juan Bautista GIsasola Musika Eskolak, Klub Deportiboak eta Eibarko ikastetxe guztiek hartuko duten parte. Bestetik 17:00etatik 19:00etara 'Eibarko Bizikleta Plaza' egingo da, Udaleko Euskara sailaren eskutik. Gaueko 22:00etan ikuskizun bat eskainiko da Untzaga Plazan, Kultur sailak antolatuta.

Artisau eta baserritarren azokak irekiko du larunbateko egitaraua. Eibart Elkarteak, Eibarko Baserritarrak eta Debemen elkarteak antolatutako jarduera honetan herriko zein kanpoko artisau zein baserritarren euren produktuak salmentan jarriko dituzte, 10:00etatik 14:00etara. Halaber, goizean zehar herri-kirolak eta bertsolariak izango dira ikusgai Toribio Etxebarria kalean. 

Arratsaldean zehar Kantu Animazioa izango da Eibarko kaleetan eta iluntze aldera, 21:30ean, Untzagako karpan, Kantu Afaria egingo da. Afaria elkarte gastronomikoek antolatuko dute eta baserriko produktuak prestatuko dira. Kantuak Arratek eta Mikelek abestuko dituzte; ondoren, erromeria dantzatzeko aukera egongo da, Jainaga eta Narbaizarekin. Afarirako sarrerak eskuragarri daude maiatzak 25era arte Eibarko Klub Deportiboan.

Euskal Jaia behar bezala ixteko, astelehenean, maiatzak 29, eguerdiko 12:00etan Euskal Jaiko Kalejirak herriko kaleak girotuko ditu . 12.30ean, Ezpalak Dantza Jaialdia egingo da eta 14:30ean sabela behar bezala betetzeko, herri bazkaria Untzaga Plazan. Bazkari honetarako ere salgai daude tikeak, Eibarko Klub Deportiboan. Bazkal ostean, 17:00etan, Untzagan bertan, Erromeria ospatuko da eta 19:00etan zein 20:00etan Larrain-Dantza popularraren saio bana eskainiko da, lehenengoa Untzagan eta 20:00etakoa Depor parean.

 

Artisau azoka, herri-kirolak, bertsoak, erromeria eta beste ekitaldi mordoxka asteburu honetan Eibarko Euskal Jaian

Eibarko Euskal Jaian egin ohi den dantzaldia, Untzaga Plazan. / Argazkia: etakitto.eus