Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Gure eskualdean turismo-eskaintza propioa eta kalitatezkoa daukagu”

“Gure eskualdean turismo-eskaintza propioa eta kalitatezkoa daukagu”

2017/07/10
Aitziber Cortazar, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziko Turismo Saileko arduradunak, Etakitto astekarian elkarrizketa eman du gure eskualdean sektoreak hartu beharreko norantzaren eta aurkeztu berri den 2020rako Turismo Plan Estrategikoaren bueltan hitze egiteko, besteak beste.

"Ekainaren 8an, Mutrikuko Arbe Hotelak Debabarreneko Turismo Plan Estrategiko berriaren aurkezpena hartu zuen. Ekitaldian izan ziren eskualdeko alkate eta ordezkari politikoak –Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze–, Debabarreneko eragile turistikoak  eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak. Ekitaldiaren helburua Debegesa garapen agentziaren ekimenez landu den Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoa aurkeztea izan zen. Aitziber Cortazar Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradunarekin egon gara eskualdeko turismoari begirada emateko.

– Debegesak bultzatzen duen hirugarren Turismo Plana da hau. Zelako berritasunak ditu?
Aurrekoarekin alderatuz gero nolabaiteko eboluzioa dago, bai edukietan bai garapen mailan. Desberdintasun handiena orain lehen ez geneukan “produktu izar” bat daukagula da: Euskal Kostaldeko Geoparkea. Geoparkea aurreko planaren ondorioz  sortu zen eta orain helmuga turistiko moduan oso posizionamendu ona ematen digun leloa eta produktua daukagu. Eta horrek baldintzatzen du orain nola ikusten dugun eskualdeko plangintza.

– Beraz, Geoparkea salto kualitatiboa izan da eskualdeko turismoarentzat.
Geoparkea ez bagenu izango produktu eleanitzeko helmuga turistiko bat izango ginateke. Gastonomiari, kulturari, naturari eta industria kulturalari lotutako produktuak izango genituzte, denetik apurtxo bat, baina ez zen egongo erakarpen maila aldetik destakatzen den ezer, eta orain badaukagu.

– Zeintzuk dira Planaren helburuak?
Azken urteotan turismoaren arloan eman diren aldaketa nabarmenak kontuan izanda, turismo-helmuga lehiakor eta iraunkor bat lortzeko bidean pauso bat aurrera egitea da helburua. Diskurtso propioak garatuz, Deba eta Mutriku inguruak indartzea planteatzen dugu: Mutrikuko diskurtsoa  itsasoaren kulturari lotuta joango litzateke, eta Debari dagokionez bere posizionamenduan lanean gabiltza eta gizakia eta Karstaren arteko loturaren aldeko diskurtso bat eratu nahi dugu. Bestalde, barnealdeari begiratzen badiogu, orain arte badaude produktuak, baina agian apurtxo bat solte daude, eta orain produktu horien arteko lotura bat egiten eta indartzen ahalegindu behar gara. Plan estrategikoaren helburuetako bat turismoa desestazionalizatzea da: guk urte guztian daukagu turismoa hemen. Gure alojamentuak turistei esker bizi dira, baina baita urte guztian zehar dagoen negozio-turismoari esker ere. Bilera bat, fabrika baten bisita bat edo formakuntza kurtso bat daukatelako gu bisitatzera etortzen direnak badaude.

– Zeintzuk lirateke plan turistikoaren gakoak?
Alde batetik lankidetza publiko-pribatua. Bestalde, kostaldeko herriak –Deba eta Mutriku– indartzea eta bisitariak barnealdera erakartzeko lanketa bat egitea. Zailagoa da, kostak berez badauka bere xarma. Baina kontua da nola erakarri barnekaldera kostaldera etortzen diren bisitariak. Hori landu behar dugu. Geoparkeaz gain kostan Donejakue bidea daukagu. Deba da geldialdi bat eta hor kriston mugimendua dago. Debako udalak apostu handia egin zuen, aterpetxe bat zabaldu zen eta arrakasta handia edukitzen ari da. Aterpetxea beteta daukate.

– Eta zer egin daiteke barnealdean turismoa bultzatzeko?
Oraindik gauzak zehaztea falta zaigu, baina argi dago kultura industrialari lotutako ondarea dagoela. Asko dago kontatzeko: eskualde hau oso ekintzailea izan da. Horri lotuta dauzkagun bi museoek (Eibarren Armagintza Museoa eta Elgoibarren Makina Erramintarena) erakusten dute zer izan garen eta zergatik iritsi garen honaino. Hor lan ildo bat daukagu. Negozio-turismoa ere hor daukagu. Lanagatik etortzen direnak  produktu horiek kontsumitu ditzaten nahi dugu. Bestalde, natura turismoarekin lotuta trikuharrien ibilbidea dago, Soraluze, Elgoibar eta Bergararen artean elkarlanean. Eibarren kirolak ere bere kutsua dauka eta ekitaldi kultural asko dauzkagu. Shoppinga ere badago: Eibarrek komertzio aldetik oso azpiegitura potentea dauka. Hori berez bakarrik ez da erreklamo turistiko bat, baina daukagun eskaintza kultural eta industrialari lotuta, uste dugu zerbait egin daitekeela. Eibar Foball Taldea, Astelena pilotalekua, Txirrindularitzari loturako ekitaldiak… guztia uztartu daiteke eta diskurtso propio bat eraiki.

– “Dena eskura” goiburua daraman gida kaleratu duzue aurten. Zer jasotzen da bertan?
Ahalegin handia egiten ari gara aurten promozio bidea eta gauzak kontatzeko moduak birplanteatzeko. Gure mezua da “dena eskura”, Euskal Herriko muinean gaudelako, leku guztietatik gertu, eta horretaz gain badaukagulako eskaintza propioa. Erdian gaudela aprobetxatu behar dugu jendea gurenagana etortzeko, gurean zerbait egiteko  eta ekonomian mugimendu bat emateko. Lelo horrekin argitaratu dugun folletoan 10 arrazoi identifikatu ditugu gurengana etortzeko: “Euskal kostaldeko Geoparkea” (urtean zehar bisita gidatuak daude, itsasontziz edo oinez, kostaldean zein  barruko bailaretan), “Gure hondartzak” (herrigunean eta kaskotik kanpo dauden hondartza erakargarriak ditugu, “Gastronomia” (Agenda bat egiten saiatu gara: Berdel eguna, Sagardo eguna, pintxo lehiaketak, Gaztañerre, Tripontziak, Mendaroko txokolatea…) “Natura”(ibilbide desberdinak azaltzen saiatu gara), “Ondare historikoa” (Mutrikuko monumento multzoa, Debako kobazuloak)  “Ondare industriala” (Eibar eta Elgoibarko museoak), “Negozio turismoa edo MICE-turismoa” (Ermuko Izarra Centre lehen mailako azpiegitura da edozien negozio-ekitaldi hartzeko). ”Artea” eta “Kultura” (arte eszenikoen zentroak, euskal jaiak, erromeriak, herri kirolak…). Leku guztiek ez daukate Eibarren eta Ermuan dagoen eskaintza kulturala eta hau balioan jarri beharra dago. Uste dut ez ditugula kontatzen ditugun gauza asko, eta hau euskaldunei sarritan gertatzen zaigun zerbait da. Hemen lanketa bat egin beharra dago. Guregana etortzeko beste arrazoi bat “Kirola” da. Gida egiten hasi ginenean harrituta gelditu ginen zenbat gauza egiten diren ikusterakoan, bai kirolari eta bai kulturari lotura. Kirola egiteko eta ikusteko aukera asko dauzkagu eta hau beste arrazoi bat da.

– Bestalde, gida horretan eskualdeko herri bakoitzari bere tartetxoa ematen saiatu zarete. Zer azpimarratu duzue  herri bakoitzean?
Eibarri dagokionez “Hiri armagina, artez, industriaz eta kirolez armatua” mezua erabili dugu. Elgoibarren “Makina eta erreminta, eskutik helduta”. Ermuan “MICE gunea. Egin negozioak zapore gozoak dastatuz”. Deban “Hondartzak, natura eta ekin!”. Mallabian “Euskal landaren muina”. Mendaron “Txokolate gozo-gozoa”. Mutrikun “Benetako itsas-zaporea”.  Eta Soraluzen “Dolmenen aztarnak”.

– Parte hartze handia izan du planak?
Eragile desberdinen arteko elkarlanaren emaitza izan da. 8 udalerrietako ordezkari politikoak, eskualdeko eragile pribatu eta publikoak, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza… Bilerak egin dira, inkestak, elkarrizketa pertsonalak… prozesuan parte hartzeko modu desberdinak egon dira. Adostasuneko plagintza bat izatea nahi genuen, eta hortik abiatuta gauzak egiten hastea.

Iturria: Etakitto astekaria

“Gure eskualdean turismo-eskaintza propioa eta kalitatezkoa daukagu”

Aitziber Cortazar, Arbe Hotelean 2017ko ekainaren 8an egin zen Debabarreneko 2020rako Turismo Plan Estrategikoaren aurkezpenean.