Hemen zaude: Hasiera Albisteak 20.000 berdel pintxo baino gehiago dastagarri izango dira larunbatean Mutrikuko jai-gastronomiko handienean

20.000 berdel pintxo baino gehiago dastagarri izango dira larunbatean Mutrikuko jai-gastronomiko handienean

2017/03/28
Mutrikuko hitzordu gastronomiko nagusia heltzear da. Berdel Egunak gero eta entzute handiagoa du Gipuzkoa eta Euskadi mailan. Eta ez da gutxiagorako ere. Ondorengo zifrek hala berresten baitute: larunbaterako, apirilak 1, 20.000 pintxo, 5.000 berdel erreak eta berdelez egindako 1.000 marmitako razio emango dira. Eta hori guztia paraje berdingabe batean, Mutrikuko portuan. Benetako itsas-zaporea inoiz baino dastagarriagoa izango da Berdel Egunaren XXII.edizio honetan. Ez diozu plan honi ezetzik esango, ezta?

20.000 pintxo, 5.000 berdel-erre razio eta berdelez egindako 1.000 marmitako plater. Mutrikuko Berdel Egunak gaur egun hartu duen dimentsioa berresten duten datu batzuk dira aurrekoak. Festa horri orain dela 22 urte ekin zitzaion, arrai horren propietateak eta gastronomikoki zuen balioa aldarrikatzeko xedez. Izan ere, lehen, bigarren mailako arrai modura hartzen zen; gaur egun ordea, jatetxe ospetsuenetako eskaintzen baitan sartzen da berdela, baita berau sukaldatzeko dauden milaka aukera ere. 

Udalak antolatu du XXII. Berdel Eguna, Debegesak Debabarreneko garapen agentziaren laguntzaz. Noski, ezinbestekoak izan dira boluntarioen eta herriko elkarteen inplikazioa. Egun handia beraz larunbatean hasiko da goizeko 10:00etan, Gravni zesta-punta txapelketaren hasierarekin. Ondoren, Gipuzkoako Batelen Ligako 12. jardunaldia ospatuko da, goizeko 10:30ean herriko portuan. 

Horren ondoren, jai-giroa Mutrikuko alde zaharreko kaleetan gailenduko da. Eguerdian Mutrikuko tabernek berdelez egindako pintxo-potea eskainiko dute, kale-jirak eta trikitilariek jendea dantzan eta abesten jartzen dituzten bitartean. Eguerdiko 13:00etan Zabiel Plazak herriko abesbatzaren emanaldia hartuko du. 

18:00etatik aurrera, Berdelaren festa portuan

Aurtengo Berdel Eguna bere unerik gorenenera iritsiko da arratsalde partean, Mutrikuko portuan, berdelez egindako jakien dastaketarekin. Bertan, boluntario zein tokiko sukaldariek 9 pintxo mota prestatuko dituzte: Azkenetxe jatetxe italiarrak lehendabiziz hartuko du parte Berdel Egunean, eta arrai horren bertsio marinatua sukaldatuko du; Pikua jatetxeak, bere aldetik, berdela bechamel eta barazkiz betea egingo du; Urgain jatetxeak, berdela ozpin-oliotan; San Juan jatetxeak, sisez eginiko saltsa; Valentin Zumalabek, berdel-puddinga; Narrupe elkarteko Mari Jose Arrietak eta Felix Soraluzek berdelez osatutako piperrada, eta, Xabier Mendiguren Kai Gain elkarteko kideak, berdel-txaka.

Halaber, Mutrikuko portura gerturatzen diren bisitariek eta bizilagunek eskuragarri izango dituzte plantxan egindako 5.000 berdel razio; eta Etxekaltek, Ziñuak zein Aizabiak -azken honek ere estrainekoz hartuko du parte festan-  1.000 bat marmitako (berdelez elaboratuak noski) plater goxo izango dituzte.

Eguneko egitaraua behar bezala amaitzeko, arratsaldeko 20:00etan Itziarren Semeak kontzertua emango du herriko portuan.

Aurreko guztia aintzat hartuta, ez dago beraz aitzakiarik XXII. Berdel Egunera huts egiteko. Zatoz eta gozatu berdelaz eta Mutrikuko benetako itxas-zaporeaz!

20.000 berdel pintxo baino gehiago dastagarri izango dira larunbatean Mutrikuko jai-gastronomiko handienean

Berdelez egindako pintxoak dastagarri izango dira larunbatean XXII. Berdel Egunean.